naiz
el aaiun

Askapenaren brigada kanporatu du Marokoko Gobernuak Saharatik

Pasa den larunbatean heldu zen Sahara mendebaldera Askapenaren brigada eta hasiera batean arazorik gabe sartu baziren ere, atzo El Aaiunen taldea osatzen zuten sei lagunak kanporatuak izan ziren.

Iragan larunbatean, urtero bezala, Askapenaren brigada bat Sahara mendebaldera iritsi zen. Hasiera batean arazorik gabe sartu zirela adierazi dute ohar batean eta bi egun eman zituztela Smara hirian saharar kolektibo ezberdinekin harremanetan.

Atzo goizean, ordea, El Aaiunen kanporatuak izan ziren hiru brigadista eta, arratsaldean, beste hiruak. Lehen aldia da Askapenak Saharara antolatutako brigadak kanporatuak direla.

Brigadako sei kideetako hiru alde batetik sartzen saiatu ziren, eta beste hiruak beste aldetik, baina guztiak kanporatuak izan ziren.

Kontrol polizial batean atxiki zituzten goizeko hiru brigadistak, eta ez zieten bidaia jarraitzen utzi. Askapenaren arabera, autobusetatik jaitsiarazi zituzten eta, Gobernu ordezkariak jakinarazi zien Smaran saharar independentistekin bildu zirenez, bertatik kanporatuak izango zirela.

Horiek bezala, arratsaldean sartzen ahalegindu ziren brigadistak beraien borondatearen aurka taxi batean sartu zituztela ohartarazi du Askapenak, eta Agadir hirira bidali zituztela, Poliziak jarraiturik.

Brigaden helburua saharar herriak okupaziopean bizi duen egunerokotasuna ikustea zela adierazi du Askapenak, baita bertako elkarteetkin eta preso eta desagertuen senideekin biltzea ere, Euskal Herriko egoera poiltikoaren berri emateaz gainera.