NAIZ
BILBO

Bizkaiko udalerrietara hedatuko du EH Bilduk palestinarekiko elkartasun ekimena

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak abiatutako ekimenari EH Bilduk Bizkaian gidatutako udalerriak batuko zaizkio. Gipuzkoar erakundeek Palestinararako anestesia makina bat erosteko diru bilketa ekimena abiatu berri dute eta koalizio independentistak jakinarazi du Bizkaiko udalen bidez ere ekarpena egingo dutela. Beste hainbat ekimen ere iragarri dituzte.

Donostian Check Point bat irudikatuz abiatu zuten gipuzkoar erakundeek elkartasun dinamika. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Donostian Check Point bat irudikatuz abiatu zuten gipuzkoar erakundeek elkartasun dinamika. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Ondarroako Argia Ituarte alkatea eta Juan Carlos Goienetxea Bermeoko zinegotzia izan dira prentsaren aurrean Palestinarekiko elkartasunez Bizkaian EH Bilduk gobernatzen dituen udaletan garatu asmo dituzten ekimenen berri emateko.

Palestinako Osasun Batzordetik egindako eskariari jarraituz asteburuan abiatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak elkarlanean Palestinarako anestesia makina bat erosteko ekimena, EH Bilduk gidatzen dituen udalek dinamikarekin bat egingo dutela iragarri dute bi hautetsiek. Beharrezkoa den diruaren %40 inguru jada bildu dela iragarri dute eta falta den kopurua lortzeko erabaki dutela ekimenera batzea.

Beste hainbat neurri ere hartuko dituztela iragarri dute, horien artean ‘Askatasunaren flotilla’ delakoa laguntzeko konpromisoa dutela esan dute eta Bizkaiko udaletan adierazpen instituzionalak bultzatuko dituztela iragarri dute.

Gaurko agerraldian gogoratu dute Bilboko udaletxean jarri zutela Palestinako ikurra Gazaren aurka Israelek egindako erasoa salatzeko; Ibon Areso alkateak ikurra kentzea salatu dute baina «jarrera ulertezinen gainetik eta tirabira antzuetan trabatu gabe» elkartasun keinuekin jarraitzea erabaki dutela.

«Palestinako sarraskia»

Israeldar eta palestinar ordezkariak Cairon dira behin-betiko su-etena negoziatzen, EH Bilduk gogoratu du aurrerapausuak eman bitartean herritarren egoerak «biziki larritzen» dituela. Eraso larrienak eten diren arren Palestinako ospitaletan oinarrizko beharrak izaten jarraitzen dutela adierazi dute eta kezka agertu dute, egoerak hobera egingo balu albistegietatik kanpo gera daitekeelako bertako egoera. Kanpainarekin «laguntza bideratzea beharrezkoa izaten jarraitzen duela ere presente mantendu» nahi dutela adierazi dute.