naiz
donostia

Azpeitiko Ezkuztako indusketan 14.500 urteko bi hagaxka aurkitu dituzte

Azpeitiko Ezkuztako indusketan aurkitutako bi hagak Izturitzen aurkitutakoen antzekoak dira. Ikertzaileen aburuz, datu horrek argi erakusten du garai hartako Urola inguruko biztanleek harreman zuzena zutela Ipar Euskal Herriko taldeekin.

Ezkuztako haitzuloan aurkitutako bi hagak. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Ezkuztako haitzuloan aurkitutako bi hagak. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Azpeitiako Ezkuztako haitzuloan udan egindako indusketek espero ez ziren aurkikuntzak ekarri dituzte. Gipuzkoako Aldundiak jakitera eman duenez, duela 14.500 urteko bi hagaxka aurkitu dituzte, Izturitzen aurkitutakoen oso antzekoak. Bi pieza horiek bakarrak dira Iberiar penintsulan. Ikertzaileen ustez, argi uzten dute garai hartan Urola inguruko biztanleek bazutela harreman zuzena Ipar Euskal Herriko taldeekin.

Udan zehar, beste hainbat indusketa egin dira Gipuzkoako hainbat zonaldetan, Praileaitzen, esaterako. Sarrera berriaren aurkikuntzarekin, Aldundiaren aburuz argi gelditu da haitzuloa uste zena baino konplexuagoa dela, eta ikerkuntza bide berriak ireki behar direla. Kultura diputatu Ikerne Badiolak salatu du sarrera berria babesteko Lakuako Gobernuak ezer ez egin izana: «Uztailean izan genuen agerraldiaren ondoren, oraindik ez dugu Jaurlaritzaren erantzunik eta ez da ezer egin babes-gunea egoera berriari egokitzeko. Are gutxiago, noski, Foru Aldundiak eskatu zuena, alegia, zaintza 100 metrora zabal dezatela eta  Kosta Legeak babesten duena,  Kultura dekretu baten bidez ere babes dezatela», ohartarazi du.

Aipatutako indusketa lan horiek gauzatzeko Gipuzkoako Aldundiak 150.000 euro bideratu ditu aurten eta datorren urterako diru kopuru hori gehitzeko asmoa agertu du Badiolak. «Gure proiektuaren arabera 100.000 euro zuzen bideratuko ditugu Praileaitzeko indusketara. Eta beste indusketek ere, oro har, kopuru handiagoa izango dute: 50.000 euro gehiago sartu ditugu 2015eko aurrekontuetan».

Indusketa horietan ateratako material guztia Gordailuan gordeko da, ikertzaile guztien eskura. Material guztiaren garraiorako, Foru Aldundiak 200.000 euroko partida berezia aurreikusi du.