NAIZ
DONOSTIA

Garoñako zentralaren luzamendua Europako Legebiltzarrera eraman du EH Bilduk

Garoñako zentral nuklearraren auzia Europako Legebiltzarrera eraman du Josu Juaristi EH Bilduko eurodiputatutak. Europako Batzordeak segurtasun azterketarik egin duen eta ea Euratom zuzentaraua aplikatzen den galdetu du.

Garoñako zentral nuklearra. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Garoñako zentral nuklearra. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Josu Juaristi EH Bilduko legebiltzarkideak bi galdera aurkeztu ditu Europako Legebiltzarrean Garoñako zentralaren inguruan. Batetik, Europako Batzordeak Garoñako instalazioetan egindako segurtasun azterketak ezagutu nahi ditu. Bestetik, Euratom zuzentaraua aplikatzen ari den jakin nahi du. Gogora ekarri duenez, 2014an aldatu den zuzentarauaren arabera estatuek araudi horren aplikazioari buruzko txostena aurkeztu behar zuten pasa den uztailean eta beste bat prestatu beharko dute 2020ko uztailerako.

EH Bilduk jakin nahi du ea Gobernu espainolak txostena bidali duen eta ea Europako Batzordeak eskaerarik, errekerimendurik edo erantzunik egin duen. Horrekin batera, Garoñak bere jarduera 2032. urtera arte luzatzeko zabaldu duen prozedurari buruz Madrilek emandako informazioa eta erabili dituzten argudioak ezagutu nahi ditu koalizio abertzaleak.

Gainera, hamar urtean behin zentral nuklearren instalazioak aztertu behar direla kontuan hartuta, Juaristik jakin nahi du ea Batzordeak 17 urteko luzamenduaren jakinaren gainean dagoen. Oso zentral zaharra denez, neurri zehatzak hartzea beharrezko ikusten duen galdetu dio erakunde europarrari, «oso inbertsio gutxi egin direlako eta kezkak, susmoak eta salaketa ugari egin direlako azken urteotan».

Araba Sin Garoña plataformak biharko deitu duen giza katean parte hartuko duela iragarri du EH Bilduk.