NAIZ
IRUÑEA

Ustez nahita piztutako sute batek nabe bat eta auto bat kiskali ditu Iguzkitzan

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Iguzkitzako Kale Nagusiko edukiontzi batzuetan hasi da ustez nahita piztutako sutea eta, ondorioz, auto bat eta erabiltzen ez zen nekazaritza-nabe bat kiskalita gelditu dira.

Lizarrako suhiltzaleak, gauerdia pasata, Aiegira joan ziren edukiontzi batzuetan piztutako sute bat itzaltzera eta, gutxira, Iguzkitzatik dei berri bat jaso dute, antzeko gertaera batengatik.

Bigarren kasuan, Kale Nagusiaren 3. zenbakian piztu da sua eta garrak ondoan zegoen auto batera iritsi dira. Ondoren, erabiltzen ez zen nabe batera ere iritsi da sua.

Autoa eta nabea kiskalita gelditu dira, baina ez da inor zauritu.

Suhiltzaileek 3.15ean bukatu dute lana.

Gertatutakoa argitzeko ikerketa abiatu du Foruzaingoak, duela egun batzuk Iguzkitzan beste edukiontzi bat erre zela kontuan hartuta.