NAIZ

Arabara batzeko borondatea berretsi du Trebiñuk

Madriileko Diputatuen Kongresuak Trebiñu Arabara batzeko eskaria baztertu ondoren, Trebiñuko konderriko Udalak Arabako zati izateko borondatea berretsi du osoko bilkura batean.

Ezohiko osoko bilkura egin dute Trebiñun. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Ezohiko osoko bilkura egin dute Trebiñun. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Trebiñuko konderriko Udalak ezohiko osoko bilkura burutu du Arabara batzeko borondatea berresteko. Proposamena aurrera atera da EAJren, Bilduren eta bi zinegotzi independenteen botoei esker. PPko hiru zinegotziek ez dute osoko bilkuran parte hartu.

Adostutako adierazpenean, indarrean dauden hitzarmenen iraungitzea eskatzen da eta aldi berean, zerbitzuak Gasteizko Gobernuak ematea.

Ignacio Portilla Trebiñuko konderriko alkateak azaldu duenez, Trebiñuri zerbitzuak eskaintzeko Gaztela eta Leongo gobernuaren eta Lakuaren artean egindako «moldaketa» behin-behinekoa da eta herritarrei segurtasun eza suposatzen die.