NAIZ
GASTEIZ

Irantzu Lekue artista prestatzen ari den performancearekin bat egin du Gora Gasteiz ekimenak

Datorren apirilaren 17an integrazioaren aldeko performance bate egiteko, 6.000 zapata bildu nahi ditu Irantzu Lekue artistak. Dagoeneko baditu 2.200 eta, aurrerantzean, Gora Gasteizek aktiboki lagunduko dio ekimena prestatzen.

Gora Gasteiz ekimenaren agerraldia, Iraia Lekue artistaren egitasmoarekin bat egiteko. (ARGAZKI PRESS)
Gora Gasteiz ekimenaren agerraldia, Iraia Lekue artistaren egitasmoarekin bat egiteko. (ARGAZKI PRESS)

«Komunitate indartsuago, integratzaileago eta kultura anitzago bat eraikitzeko lanean» Irantzu Lekue prestatzen ari den arte instalazioa aurrera ateratzen aktiboki lagunduko duela iragarri du Gora Gasteiz ekimenak. 

Datorren apirilaren 17an –Gora Gasteiz egunaren bezperan–, 6.000 zapata (#6000zpt, Twitterren) jarri nahi ditu artistak Andra Mari Zuriaren plazan, eta dagoeneko bildu ditu 2.200 zapata.

Gainerakoak lortzeko, Gora Gasteizek deia egin die herritarrei, mota guztietako zapata, bota edo abarkak emateko, «anitza eta inklusiboa nahi dugun hiriaren alde egingo den ekimen hau egin ahal izateko».

«Kaleak okupatzeko deia egin dugu eta politika xenofoboen, matxisten zein islamofoboen beti-batekotasunaren grisari irudimenez eta kolorez aurre egiteko. Eta horixe da, hain zuzen, Gasteizko artistak martxan jarriko duena», nabarmendu dute.

Falta diren zapatak biltzeko 20 puntu jarri dituzte hiri guztian barreiatuta. Arte instalazioa bukatu ondoren, oso zaharkituak daudenak bereizi eta beste guztiak eman egingo zaizkie horien beharra izan dezakeen norbaiti emango zaizkie, bigarren erabilera bat eman diezaien.

Era berean, gogoratu dute 20 boluntario beharko dituztela eta instalazioaren muntaketan laguntzeko prest daudenei honako helbidera idazteko eskatu diete: iralekue@gmail.com.