GARA
BEASAIN

Herri hizkerak ezagutarazteko erakusketa egingo da Beasainen

Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) ezagutzera ematea da maiatzaren 28an Beasaingo (Gipuzkoa) Igartza jauregian zabalduko den erakusketaren helburua. «Euskara ibiltaria» du izena eta akademiak, Beasaingo Udalak eta hasieratik egitasmoa babestu duen Laboral Kutxak antolatu dute. Ekainaren 5era arte egongo da zabalik.

Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, maiatzaren 28an erakusketak inaugurazio bikoitza izango du: goizean, Beasaingo ikastetxeetako ikasleei zuzendutakoa, eta arratsaldean, aldiz, inaugurazio ekitaldi nagusia.

Hala, goizean, Beasaingo ikasleak izango dira gonbidatu nagusiak; Aritz Abaroa eta Amaia Jauregizar EHHAko teknikariek bi hitzaldi didaktiko eskainiko dizkiete, 10.00etan eta 11.15ean, eta bisita gidatuak ere egingo dituzte.

Arratsaldean, 18.00etan, erakusketaren inaugurazio ofiziala egingo da, eta horren ondoren, 19.00etan, ekitaldi nagusia. Andres Urrutia euskaltzainburuak, Adolfo Arejita EHHAren zuzendari akademikoak eta Xarles Videgain EHHAren arduradun teknikoak parte hartuko dute, eta horiekin batera Laboral Kutxaren eta Beasaingo Udalaren ordezkari bana izango da.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du xede. Egitasmoa 1984an jarri zen abian, galdeketa puntuen sarea, galde-sorta eta lan metodologia finkatu zirelarik. Galde-sorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia.

Sei liburuki

Orain arte EHHAren sei liburuki kaleratu dira. Aurreneko laurak Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta daitezke; horretaz gain, bosgarren liburukia ikus eta entzun daiteke webgunean: batetik, liburukiaren testu osoa PDF formatuan irakurtzeko aukera dago, eta bestetik, lekukoek emandako erantzunak entzun ere egin daitezke.

2010ean kaleratu ziren lehen eta bigarren liburukiak. Lehenak honako gaiak jorratzen ditu: intsektuak, itsas arrainak, ibai arrainak eta ibai arrantzako tresnak, narrastiak eta urpekoak, txoriak, basa animaliak eta ehizako arteak, eguzkia eta zerua, eguraldia, elurra eta hotza. Bigarren liburukian aztertu eta landu ziren esparruak hiru dira: denbora kronologikoa, topografia eta landaretzaren lehen atala.

Hirugarren liburukian (2011n argitaratua), berriz, tradizioko bizimodu eta ingurumenaren inguruko gai edo kontzeptuak landu ziren: batetik, lurra, euskal gizakia bizi den lurra; lur horretan erne diren belar, landare, zuhaixka eta zuhaitzak; lurrak berez edo gizakiaren eraginez ematen dituen uztak; eta bestetik, euskal gizakiarekin belaunez belaun bizikidetza estuan bizi izan diren animaliak, euren parte esanguratsuak eta euren inguruko prozesuak.

Laugarren liburukian (2012) kontzeptu ugari bildu eta landu ziren, eremu biren inguruan: etxe-abereak eta etxea bera. Hala, liburukiaren lehen partea hainbat etxe-abereri eskainia dago (txerriak, hegaztiak, txakurrak, erleak) eta bigarren partea, batez ere, etxearen esparruari dagokio.

Bosgarren liburukiak (2013) izenaren morfologia landu zuen, eta parterik handiena deklinabideak hartu zuen. Argitaratu den azken liburukiak, seigarrenak (2015), aditz morfologia jaso zuen; gehien erabiltzen diren aditzaren forma jokatuak aztertu ziren.