NAIZ

David Grosclaudek, helburuak beteta, gose greba eten egin du astebete eta gero

Astebeteko gose greba ostean David Grosclaudek helburuak bete dituela iragarri du eta ekintza eten. Frantziar Estatuko Hezkuntza eta Kultura sailek Okzitanieraren Bulego publikoa sortzeko baimena eman eta finantzamenduan parte hartzeko konpromezua hartu dute.

David Grosclaude, Akitania eskualdeko kontseilaria eta eskualdeko hizkuntzen ordezkaria. (KAZETA)
David Grosclaude, Akitania eskualdeko kontseilaria eta eskualdeko hizkuntzen ordezkaria. (KAZETA)

David Grosclaude Akitaniako kontseilari eta hizkuntzen ordezkariak gose greba eten egin du astebete eta gero bere helburuak beteta ikustean. 7 egunetako borrokaren ondoren, Hezkuntza eta Kultura sailek gutun bat igorri diote Okzitanieraren Bulego Publikoa sortzeko baimena eman eta konpromezua hartuz.

Grosclaudek berak ohar baten bidez adierazi duenez, frantziar Estatuak «finantzamenduan eta funtzionamenduan parte hartuko du». Gainera, proiektua uda aurretik martxan jarriko dela azpimarratzen du. «Honek argi uzten du hizkuntzaren bermeak aldarrikatzeko elkartzen garenean dena lor dezakegula», adierazi du kontseialriak.

Hala ere, egoera honetara eta gose grebara iritsi beharra kritikatu du, «beste bide guztiak» jorratu zituela gogoratuz. Dena den, hemendik aurrera ere «lanean eta borrokan» jarraitzeko ardura mantenduko duela argi utzi nahi izan du.

«Garaipena ospatzeko» deialdia ere egin du, gaur 16.30ean Akitaniako Kontseiluaren aurrean. Azkenik, osasun aldetik ongi dagoela argitu nahi izan du, baina hala ere medikuak frogak egin beharko dizkiola.