@arianekamio
Madril

Euskarazko zinema Urrezko Maskorraren lehian izango da Asier Altunaren ‘Amama’-rekin

Alex de la Iglesiak ‘Mi gran noche’ filma lehiaz kanpo aurkeztuko du Zinemaldiko Sail Ofizialean eta Imanol Uriberen ‘Lejos del mar’ proiekzio berezien atalean emango da.

Iaz Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren ‘Loreak’ filma ikusi ahal izan zen Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean, euskara hutsezko lehen filma lehian. Aurtengoan, bigarren aldiz jarraian, euskaraz egindako bigarren film luze bat ere izango da. Asier Altunaren ‘Amama’, hain zuzen.

Ez da berea izango Sail Ofizialean emango den Euskal Herriko lan bakarra. Alex de la Iglesia bilbotarrak ‘Mi gran noche’ aurkeztuko du lehiaz kanpo eta Imanol Uribek ‘Lejos del mar’ lana proiekzio berezien atalera eramango du, Pere Joan Venturaren ‘No estamos solos’ filmarekin batera.

Estatu espainolean ekoitzi diren filmen aurkezpena egin du gaur Zinemaldiak Madrilen. Aurrerapenen artean aurpegi ezagunak ere badira. Agustí Villarongak (‘Pa Negre’) ‘El rey de La Habana’ eramango du lehia ofizialera. Berarekin batera beste kataluniar bi; Marc Recha ‘Un dia perfecte per volar’ lanarekin eta Cesc Gay ‘Truman’ekin. Federico Veirojek ‘El apóstata’ lana aurkeztuko du eta Pablo Aguerok ‘Eva no duerme’.

Zuzendari Berriak sailean, Euskal Herrian filmatu den ‘Pikadero’ ikusgai izango da, Ben Sharrock eskoziarrarena. Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga aktoreek parte hartu dute pelikula horretan.