Ramon SOLA

Gutxienez 200 euro hilero, ziegetan bizimodu duina izateko

Senideek haserre biziz aditzen dute tarteka estatuek presoak mantentzen dituztela. Barruan garbitasun egokia izateko, ordea, oinarrizko produktu asko erosi beharrean dira. Beraien kontura. Horren faktura ere jakinarazi dute: 200 euro hilean, gutxienez.

Pentsa dezagun, une batez, gutako edozeinek zakar poltsarik gabe, xaboirik gabe, xanpurik gabe, bizarra mozteko aparrik gabe, tanpoirik gabe, espartzurik gabe... horrela bizi behar duela. Garbitasun egokirako baldintzak ez direla betetzen ondorioztatzea ez litzateke zaila. Baina hauxe da, Etxeraten txostenak estreinakoz salatzen duenez, bi estatuen espetxeetan egunero gertatzen den egoera. Hortaz, haserre biziz entzuten dute sarritan estatuek presoak mantentzen dituela: «Arinki esan ohi da hori. Presoak familiek mantentzen dituzte».

Hurrengo zerrenda honetan bildu dute higienea zaintzeko kartzelak hilero ematen diena: Komuneko papereko lau erroilu, plastikozko mahai tresnak, hortzetako pasta, gel poto bat, lixiba poto bat, sei kondoi gizonei eta konpresa paketea emakumeei. Urtean bitan, honezaz gain, orrazi bat, esponja bat eta plastikozko edalontzi bat. Besterik ez.

Elikadurak ere hutsune galantak ditu. Etxeratek zehazten duenez, «esneki, txerriki, kafe eta baimendutako beste elikagai apurrak erosi behar dituzte presoek, beren elikadura eskasa osatu nahi badute». Eta beste esparru batean ezinbesteko ere badiren koaderno, boligrafo, orri eta abarrekin, berdintsu. Guztia batuta, espetxeratu bakoitzak hilero-hilero 200 euro inguru behar ditu bere oinarrizko beharrak asetzeko. Senideentzako beste zama bat.

«Ez gara kapritxo, are gutxiago luxuez ari –nabarmentzen du elkarteak–. Kartzelako bizimodu duin batez ari gara, eskubideez ari gara: higiene eskubideaz, osasun eskubideaz, asistentzia juridikorako eskubideaz, ikasteko eskubideaz, hitzezko eta idatzizko komunikazio eskubideaz».

Kartzelako kontu korronteaz

Senideentzat oso ezaguna da errealitate hau, baina iritzi publikoari ez zaio orain arte heldu. Prozedura bera deigarria bezain salagarria da: presoek ez dute txanpon eta billeterik erabiltzeko aukerarik, eta erosketa egin ahal izateko, dirua ezinbestean kartzelako kontu korrontean sartu behar dute, honela bide batez honek guztiak «suposatzen duen negozioa sostengatzera behartuta daudelarik», azaltzen dute.

Horrez gain, hainbat produktu soilik kartzelaren bitartez eros ditzakete presoek. Esaterako, ordenagailua, telebista, irratia edota eskulanetarako materiala. Ondorioz, kostu handia duten gauzak epeka ordaintzea ezinezkoa izaten zaie. Ikusten denez, kalean guztiz arruntak diren kontuak oztopoz beteriko bide bilakatzen dira barruan.

Onartzen zaizkien telefono deiek ere beren kostua badute, jakina: hileko 40 euro inguru, Etxeratek zehazten duenez. Asteko 80 euroko gastua baimentzen du espetxeak (arestian aipaturiko erosketa berezi horiek salbu: irrati, telebista...)

Nola egin aurre honi guztiari, etengabeko bidaia luzeek eskatzen duten esfortzu handiari erantsita? Ahal den moduan. Espetxealdia motza denean, zuloa eragiten da sendiaren ondasunean; baina 15, 20 edota 25 urtez luzatzen denean, erraz ulertzeko modukoa da kalte ekonomikoa, ia zenbatezina.

Azken hausnarketa bat uzten du Etxeraten txostenaren atal honek: «Nahiz eta sakabanaketak hilero gastu itzela egitera behartu, zailtasunak besterik ez ditugu aurkitzen gizarte laguntzak edo erakundeen aldetiko diru laguntzak jaso ahal izateko. Beste talde edo kolektiboek jasotzen dituzten diru laguntzez ari gara, hain zuzen. Eta are gehiago, behin laguntzaren bat eman izan digutenean, gehienetan espainiar Gobernuko Ordezkaritzak helegitea aurkeztu izan du».