naiz
IRUÑEA

Indarkeria polizialaren biktimak aitortzea aldarrikatuko dute urriaren 30ean Iruñean

Indarkeria poliziaraen biktimek elkarretaratzea burutuko dute Iruñean, urriaren 30ean, Polizia espainolak erakusketa egingo duen eraikinaren parean. ‘Gatazka politikoa, biktima guztiak aitortu, konponbidea, guztiok garaile’, lelopean Polizia espainola «Iruñeko eta Nafarroako hiritar askoren eskubide urratzaile garbia» izan dela salatuko dute.

Indarkeria polizialaren biktimak, German Rodriguezen oroigarriaren ondoan.
Indarkeria polizialaren biktimak, German Rodriguezen oroigarriaren ondoan.

‘Gatazka politikoa, biktima guztiak aitortu, konponbidea, guztiok garaile’ lelopean, indarkeria polizialaren biktimek elkarretaratzea deitu dute urriaren 30erako, Polizia espainola Iruñeko zitadelako Armen gelan egingo duen erakusketaren aurrean. ‘Askatasunaren garaipena: Polizia Nazionala terrorismoaren kontra’ deituko den erakusketaren bidez biktimak «ahanzturara kondenatu» nahi dituela salatu dute, eta Polizia espainola «Iruñeko eta Nafarroako hiritar askoren eskubide urratzaile garbia» izan dela gogora ekarri.

Gaur egin dute deialdia. Bertan izan dira Angel Berruetaren alaba eta alarguna, Mikel Castilloren arreba, German Rodriguezen anaia, atixlotu eta torturatu egin zituzten Itxaso Torregrosa eta Izaskun Goñi gazteak edo 2012an pilotakada baten ondorioz begia galdu zuen Aingeru Zudaire, besteak beste.

«Elkarrizketarik gabeko oraina eta garaileak nahi duen bezala eraikitako etorkizun bat eta inpunidadearen gainean eraikia saldu nahi digute», adierazi dute. Honen aurrean, «egian, aitortzan eta justizian oinarritutako bakea» aldarrikatu dute. «Askatasunaren egiazko garaipena nahi dugu, eskubide guztien errespetuan oinarritutakoa».

Salatu egin dute erakusketak «Polizia biktima moduan kokatzea» duela helburu. «Polizia Nazionalak eta hauen arduradun politikoek, nafar jendartearen aurrean erantzukizun haundiak hartu eta bere gain gauza asko hartu behar dituzte. Normalizazio politikoaren eta bakearen bidean egindako kaltea onartu behar dute eta erreparazioarekin arduratu», adierazi dute.