NAIZ
BILBO

Larunbatean ospatuko den Alternatiben Herria ekimenak 150 atxikimendu lortu ditu

Larunbat honetan burutuko dute Bilbon ‘Alternatiben Herria’ ekimena, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak jakinarazi duenez, 150 eragileren atxikimendua lortu dute dagoeneko. «Aldarrikapen, hausnarketa eta proposamen handi eta txikien erakusleihoa izanen da», azaldu dute.

150 eragileren atxikimendua lortu du ‘Alternatiben Herria’ ekimenak. (ARGAZKI PRESS)
150 eragileren atxikimendua lortu du ‘Alternatiben Herria’ ekimenak. (ARGAZKI PRESS)

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren asanbladak datorren larunbatean, urriak 24, ‘Alternatiben Herria’ ekimena ospatuko du Bilbon eta gaur, bizkaitar hiriburuan bertan eta Iruñean egin dituzten agerraldietan, 150 eragileren atxikimenduak aurkeztu dituzte.

«Aldarrikapen, hausnarketa eta ospakizun eguna izango da, egunerokoan bizia ematen diguten hamaika proposamen handi eta txikiren erakusleihoa», adierazi dute. Bilboko Areatzan eta Alde Zaharrean zabalduko da ‘Alternatiben Herria’, lokal publikoak eta herri mugimenduarenak ere baliatuz.

Azaldu dutenez, ekimena bost auzotan zabalduko da. Lehenik eta behin, Arragoa. Auzo honetan, hizkuntza, hezkuntza eta kulturaren inguruko eztabaidak, azoka eta ekitaldiak egingo dira egunean zehar. Bestetik, Gure Gaia izendatu dute beste auzo bat. Bertan naturarekin zerikusia izango duten tailerrak, eztabaidak eta azoka bilduko dituen gunea izango da. Hirugarrenik, AuzoEKOnomia deiturikoa, ekonomia sozial eta eraldatzailearen inguruan saretutako eragileek eztabaidak eta azoka egingo duten auzoa izango dena. Laugarren tokian, Demokrazia, Parte-Hartzea eta Burujabetza: Herrien eskubideen inguruan eta parte hartze demokratikoaren inguruan hausnarketa eta proposamen gunea izango da. Azkenik, Bizitza Duinak eta Anitzak izendatutakoa, non Gorputz eta bizi eredu ez normatiboen esperientziak jaso eta zabalduko dituen aniztasunaren auzoa izango da.

Guzti hauetan dokumental eta filmen inguruko eztabaidak, mahai-inguruak, esperientzien kontakizunak, azokak, ikuskizunak eta baita jan eta edateko aukera izanen da.