NAIZ
BILBO

TTIP den «NATO ekonomikoaren aurka» jendartea aktibatzeko lan egingo du EH Bilduk

Oskar Matute eta Dani Maeztu legebiltzarkide abertzaleek Atlantikoaren bi Aldeetako Tratatuak herritarren eguneroko bizitzan izan ditzakeen eraginak biltzen dituen dibulgazio liburua aurkeztu dute.

Dani Maeztu eta Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkidea. (@ehbildu)
Dani Maeztu eta Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkidea. (@ehbildu)

Bilbon eginiko agerraldi batean aurkeztu dute Maeztuk eta Matutek TTIPri buruzko dibulgazio liburua, akordioaren beraren izaera eta ekar ditzakeen ondorioak azaltzen dituena.

«Atlantikoaren bi aldeetako multinazionalek bultzatutako akordioa da, merkatu indartsuagoa sortzeko asmoarekin. Baina akordio horren bidez herrien burujabetza eta pertsonen eskubideak merkatuen menpe geratuko dira, horiek etekin handiagoak erdiesteko helburuarekin. Horrenbestez, kapitalismo neoliberalaren aro berri baten aurrean gaude», adierazi dute Maeztuk eta Matutek.

Akordio horrek jendartearen egunerokotasunean ere eragina izan dezakeela ohartarazi dute: «Uste dugu TTIPk eragin zuzena izan dezakeela gure zerbitzu publikoetan, pribatizazioaren menpe geratuko direlako; eta osasunaz, hezkuntzazz eta babes sozialaz ari gara hizketan».

Nekazaritzan eta arrantzan izan ditzakeen eraginez gain, langileen eskubideen eta ingurumenaren kalterako ere izango dela gaineratu dute.

«Laburbilduz –nabarmendu dute– herrien autoantolaketaren eta pertsonen eskubidearen eta duintasunaren aurkako eraso argia da. Merkataritza akordioa baino askoz gehiago da; arantzelak kentzea da jartzen duten aitzakia, baina egun dauden arantzelak oso murritzak dira, eta horrek ez die ia eraginik egiten akordioa bultzatzen ari diren multinazionalek lortzen dituzten etekin ekonomiko ikaragarrie».

Hori dela-eta, euskal jendartea «NATO ekonomiko» horren aurrean antolatu eta aktibatzearen beharra azpimarratu dute.