NAIZ
GASTEIZ

Condesako langileek Lakuaren «utizkeria» salatu dute Gasteizen

Condesako langileek elkarretaratzea burutu dute Gasteizko Legebitzarraren aurrean eta Lakuaren «utzikeria eta ardura eza» salatu dute, 800 lanpostu jokoan daudenean. Informazio falta nabarmendu dute, eta horregatik Arantza Tapiari, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuari, egoera argitzeko eskatu diote.

Condesako langileek Legebiltzarraren aurrean egin duten elkarretaratzea. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Condesako langileek Legebiltzarraren aurrean egin duten elkarretaratzea. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Gasteizko Condesa Taldeko langileek elkarretaratzea egin dute arabar hiriburuko Legebiltzarraren aurrean Lakuaren «utzikeria eta ardura eza» salatzeko. Enplegu espedienteetan murgildurik daude, eta bezeroak galduz jarraitzen dutela adierazi dute, lan karga ez delako heltzen.

LABek eta ELAk deitutako elkarretaratzean, «aurrekaririk gabeko egoera bat» bizitzen ari direla bi urtetik hona. «Enpresa-korporazio handien arteko interesen tirabiretan lardaskaturik bizi gara, eta gure lan-egoerari ez zaio irtenbiderik ematen», gogoratu dute.

Uztailaren amaieran akordio bat erdietsi zuten Condesak, Arcelor Mittalek eta bankuak, azken bi hauek enpresaren %67a bereganatu zezaten. Salatu dutenez, «ordutik ez dago informazio fidagarririk» eta epeak ez dira bete. «Enpresen interesen borroka horretan ez omen zaio inori axola Euskal Herriko 800 posturen etorkizuna».

Egoera honen aurrean, Lakuaren «ardurarik eza onartezina dela» iritzi dute. Bilerarik ez egitea eta egin diren apurretan «informazioa ezkutatzea» leporatu diete.

Horregatik, Arantza Tapiari, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuari, azalpenak eskatu dizkiote. «Eusko Jaurlaritzak Condesarekin dituen mailegu partaidetuak zer egoeratan daude? Industria Sailak zein nolako pausoak eman dituen oraingo prozesuan eragiteko? Zer egiteko asmoa du lantegi horietako jarduera, enplegua eta lan-baldintzak iraunarazteko? Ustez Condesaren jabe berri izango direnek zelako industria-proiektua dute gerora begira?», galdetu diote.