NAIZ
DONOSTIA

Gipuzkoako 2016ko aurrekontuen aurrean osoko zuzenketa aurkeztu du EH Bilduk

EH Bilduk Gipuzkoako Foru Gobernuak egindako aurrekontu proiektuen aurrean osoko zuzenketa aurkeztea erabaki du. Agerraldi batean adierazi dutenez, «ez die herritarren beharrei erantzuten». Zentzu honetan, «murrizketa sozialak aurreikusi» eta Diputazioaren inbertsioa ahalmena «hipotekatu» egiten dutela salatu du.

Gipuzkoako EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu du aurrekontu proiektuaren aurrean. (ARGAZKI PRESS)
Gipuzkoako EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu du aurrekontu proiektuaren aurrean. (ARGAZKI PRESS)

«Gipuzkoako Foru Gobernuak 2016rako aurkeztutako aurrekontu proiektuak ez die herritarren beharrei erantzuten», adierazi du EH Bilduk agerraldi batean. Bertan, EAJk et PSEk adostutako aurrekontuen aurrean osoko zuzenketa aurkeztu duela iragarri du. «Murrizketa sozialak aurreikusten ditu eta Diputazioaren inbertsio ahalmena hipotekatzen du erraustegia finantzatzeko», azpimarratu du koalizioko bozeramaile den Xabier Olanok.

Era berean, zerga sistemak «progresibitatea galdu» egin duela adierazi du eta aurrekontu parte-hartzaileak desagertu egin direla salatu. «180 graduko biraketa soziala behar da» eta hau dela-eta aurkeztu dute osoko zuzenketa Batzar Nagusietan.

Besteik, bigarren indarra izan arren Foru Gobernua ez dela haiekin kontaktuan jarri nabarmendu du Olanok. «Gobernutik hedatzen den kontsentsurako mezuaren kontra, gizarte partaidetza eta eragile politiko eta sozialak kontuan hartu gabe burutu dira aurrekontuak».

Osoko zuzenketa honekin, «ekonomia suspertzea» du helburu EH Bilduk, «ongizate sistema indartuz eta zementutik harago joan behar duen inbertsio publikoa sustatuz». Aldiz, Foru Gobernuak errauskailua finantzatzeko diru kopuru «oso handia» bideratu nahi duela salatu du koalizioak, 2016an, 6 milioi euro, eta hurrengo hiru urteetara begira, beste 78 milioi euro. «Horrek hipotekatu egingo du Aldundiaren inbertsio ahalmena», gehitu du.