Maider IANTZI

Sorkuntzarik erosienak berriak eta egileek sinatuak izan dira

Euskal kultura lehen lerroan jarriz, jendetza bildu da Landakon, baina pilaketarik gabe, bost egunetan banatuz. Aberatsa izan da ekitaldietako parte-hartzea eta denek eraman dute poltsaren bat. Barrukoa ikusi nahi?

Astearte arratsaldea da eta Azokak beteta jarraitzen du. Musika, berriketak, megafoniaren abisuak ekitaldiak eta sinatzaileak iragarriz... Dagoen burrunba handiarekin ez du ematen hemendik ordu gutxira gunea isilik geldituko denik. Euskal Herria ez da Durangon bizi, baina une honetan hala dirudi.

Azken eguna balantzearena izaten da, liburu eta diskorik erosienen rankinga egitekoa, eta horretan saiatuko gara gu ere, hori bai, gauza aunitz –bizian, gehienak– ezin direla neurtu argi utzita. Standez stand eman dugu goiza, editoreekin solasean, baita artista batzuekin eta herritarrekin ere.

Totiren ilarak, klasiko bat

Orokorrean, balorazioa baikorra da. Errepikatutako ideia bat izan da lanik erosienak nobedadeak eta sortzaileak eta publikoa buruz buru izan dituztenak izan direla. Idazleekin eta musikariekin kontaktu zuzena izateak, sinatzeak eta argazkiak ateratzeak «eragin biderkatzailea» duela azpimarratu dute, fideltasuna lortzen delako.

Hala ibili da egunero, goiz eta arratsalde, sinatu eta sinatu, Ereinen postuko idazle izarra, Toti Martinez de Lezea. “Todos callaron” eta “Isilpean gordea” biak saldu dira primeran, euskarazkoa, aitzineko urteetan baino aunitzez hobeki. Ilarak sortu dira idazlea standera iritsi aurretik eta, bazkalorduan muga jarri arren, jarraitzaileek ailegatzen segitu dute.

Inazio Mujika Iraola editoreak agertu duenez, Ramon Saizarbitoriaren “Lili eta biok”, Anjel Lertxundiren “Zu” eta Jon Arretxeren “Estolda jolasak” ere arrakastatsuak izan dira. Gazte literaturan, Totiren “Nur”, Fermin Etxegoienen “Urpekariak” eta Justin Hiriarten eta Francisco Fructuosoren komikia dira gehien mugitu direnak.

Sarriren obra, agortuta

Pamielan, literaturako bi izen handi aipatu ditu Pello Elzaburu editoreak: puntan, prebisioak gaindituz (astelehenean hiru orduz egon ziren batere gabe), Joseba Sarrionandiaren “Lapur banden etika ala politika” eta ondotik Bernardo Atxagaren “Muskerraren bidea”. Haurren sailean Pello Añorgaren eta Jokin Mitxelenaren “Munstroek ere pixa egiten dute ohean” album ilustratua gailendu da.

Nafarroaren inguruko liburuetan erreferentzia da argitaletxe hau eta best seller-a Ivan Gimenezen “El corralito Foral” izan da. “Sin piedad. Limpieza política en Navarra 1936” ikerketa liburuarekin F. Mikelarenak bertze urrats bat egin du memoria historikoan, borreroei izen-abizenak jarriz eta zergatiak azalduz, eta harrera ona izan du.

Susatik, Harkaitz Canoren “Beti oporretan” eta Gotzon Barandiaranen “Gidariaren okerra” liburu berriak eraman dituzte batez ere bisitariek. «Literaturzalea da guregana datorrena eta badaki zeintzuk diren nobedadeak», zehaztu du Gorka Arrese editoreak. Gaineratu du erosleak etxetik dakiela zer hartu eta bat etortzen direla buruan eta karteran duena.

Kale baten erdian bisitarien poltsei erreparatu diegu; aunitzek marka daramate, Susakoek ez, baina opari paper urdina dute eta segituan identifikatzen ditu Arresek beraien «frekuentzia» berekoak.

Hau azoka «natural-naturala» dela eta urtero ezin dela apartekoa izan komentatu du.

Iruñeko alkatea sinatzen

Txalapartaren postua ikusgarri dago eskailera kiribil baten forman jarrita dauden “ETA: historia irudietan” liburuekin. Mikel Sotok kontatu digunez, euskarazko edizioaren eskailera baxu-baxu dago, agortzen ari delako.

Joseba Asiron Iruñeko alkatea “Agur Iruñea” sinatzen ari da, aitzinetik Lucio Urtubiak egin bezala. Jon Alonsoren “Hiri hondakin solidoak” eta “Periko gazteekin hizketan” ere puntan daude stand honetan.

Elkarren, aldiz, Imanol Muruaren “Ekarri armak”, Jasone Osororen “12etan bermuta”, Uxue Alberdiren eta Maite Gurrutxagaren “Besarkada” eta “Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia” agertzen dira goialdean eta, poesiaren atalean, Karmele Jaioren “Orain hilak ditugu”.

Musikara igaro aitzinetik, ezin aipatu gabe utzi “Ametsen liburua”, aurreikuspen guztiak gainditu dituena Asteroren txokoan. Fermin Munarriz editoreak eta Jokin Urain koordinatzaileak irribarre zabalez baieztatu digute Azokako lanik salduenetakoa izan dela.

«Behin eta berriz aipatu digute izugarrizko lana dela gerorako, hurrengo belaunaldientzat, eta eskerrak eman dizkigute halako memoria liburu batean gordetzeagatik, memoria altxor bat delako». Sorkuntza lana harremanen sortzaile ere izan da, preso ohi, senide eta herritarrak bildu dira eta kartzelan diren lagunengana ere iritsi dira postalak idatziz.

Kaseteak, nostalgiaz

Gor-en, argitaletxearen 25 urteetako bildumak izan du arrakasta, baita talde zaharren edizio berriek ere, bereziki 7 Eskalek. Berri Txarrak-en guztiak ere bai, “Jaio. Musika. Hil” bukatu egin da. Nobedade gisa, kaseteak ekarri dituzte eta jende ugarik eraman ditu, nahiz eta aditzeko aparailua lortzeko zailtasunak izan. Nostalgiko dabiltza herritarrak, erromantiko ere bai, biniloak ere gustura hartu dituztelako, Patxi Goñi editoreak jakinarazi duenez.

Berri Txarrak aipatu dugu. Bere standa du eta ia egunero egon da sinatzen. «Musikarioi denetik egitea tokatzen zaigu. Hala zirkulua ixten da. Zerorrek saltzen duzu zure diskoa publikoarekin buruz buru eta jendeak eskertzen du», azaldu du Gorka Urbizuk. “Jaio. Musika. Hil” diskoaren 10. urteurrena denez, binilo berezia atera dute eta hori izan da erosiena, baita “Denbora da poligrafo bakarra” ere.

Talka-ren postutik, Fermin Muguruzaren “Nola?” joan da jendearen poltsetara, azkena delako. Niña Coyote y Chico Tornado ere bai.

Elkar Musikara goaz. Hemen Ken Zazpi dago gailurrean. Gernikako taldea ere egunero ibili da sinatzen eta horrek aunitz lagundu du, Angel Valdes editoreak jakinarazi duenez. Mikel Urdangarin ere ez da gelditu eta etengabe erosi diote. Bestetik, “Kantuz” bilduma ere gustuko izan du jendeak.

Katalogo fondoa azpimarratu du Valdesek. «Bertan, gure herriaren historia dago». Jendeak interesez kontsultatu du “bere garaiko” kantarien bila eta galdera pila bat egin ditu, disko bat noiz berrargitaratuko den jakin nahian, adibidez. Klasiko piloa atera du Elkar Musikak hagitz prezio onean (5 euro) eta harrera ona izan dute.

Musikazuzenean-en txokoan, JP Lohian da erosiena. Afu, Orreaga 778 eta Tutan Come On ere bai. Hemen ere sinatzaileak egon diren momentuetan izan dira gailurrak.

Ikasle Eguna sustatu

Baga Bigako Ritxi Aizpuruk esplikatu digu hiru talde gailendu direla salmentan: En Tol Sarmiento, Vendetta eta Korrontzi. ETS sinatu eta sinatu ibili da eta horrek «eragin biderkatzailea» izan du, batez ere jende gaztea izan delako argazki eta sinadura bila etorri dena. «Gerora begira laguntasun efektua sortzen da. Jada laguna duzu eta disko berria ateratzen duenean erosiko diozu. Fideltasuna lortzen da».

Vendettak ere egunero sinatu du, disko berririk atera ez arren. «16 musikari egon dira stand atzean. Eman dezake gehiegi direla, baina hori ere bultzatu behar da, jendeak ikusteko hor daudela». Musika eta dantza uztartzen dituen Korrontziren publikoa gazteengandik harago doa. Txapelpunk ere hemen da, punk itxuraren barrenean hagitz artista maitagarria dagoela demostratuz.

Aizpuruk azaldu du, nahiz eta Azokak egun bat gehiago izan, ez duela uste salmenta igo denik, mantendu baizik. Horregatik publiko berria erakartzeko zer egin daitekeen galdetu dio bere buruari. Ikasle Eguna sustatzean ikusten du bide bat, transmisioa egon dadin.