Maider IANTZI
BERGARA
Entrevista
JOSE MARI LARRAñAGA
ZAHAR ETA GAZTE ELKARTEKO PRESIDENTEA

«Irakasle erretiratuen jakintza gal ez dadin saiatuko gara»

Bergaran elkartu gara Lanbide Heziketako irakasle erretiratuarekin eta berehala abiatu gara beheko argazkian agertzen den Miguel Altuna zentrora, oinak bakarrik ibiliko balira bezala. Ez da harritzekoa ere. Bertan ikasi zuen Jose Mari Larrañagak, gero irakasle izan zen eta, berehala, zuzendari egin zuten. 12 urtez gidatu zuen zentroa. 69 urterekin, bizi-bizi du gazteei dakiena transmititzeko ilusioa.

Bergarako autobus geltokitik Miguel Altuna Lanbide Heziketako instituturako bidean, karpeta bat besapean, Jose Mari Larrañagak sortu berri duten Zahar eta Gazte elkartearen ideia nagusia azaldu digu. «Datozen bost urteetan irakasle pila bat erretiratuko dira eta zer gertatuko da beraien jakintzarekin?». Hatz bat burura eramanez adierazi du: «Jakintza hori ezin da hain erraz pasa».

Erronka horri heldu nahi diote esperientzia handiko zortzi maisu erretiratuk, Lanbide Heziketako irakasle gazteei eta ikasleei laguntza emanez. «Puntualki eta era altruistan», zehaztu du, dagoeneko nahiko lan eginak baitira eta ongi pasatzearekin eta nork bere denborarekin nahi duena egitearekin lotzen baitute erretiroa.

Jada eratu dute elkartea, aurkeztu ere bai, Lakuako Gobernuaren babesarekin. Jakin-minez eta gustura hartu du jendeak. Orain irakasle eta zentroak batzea behar dute, zabaldu duten bidea, hagitz interesgarria izan daitekeela ikusten dutena, ibiltzen hasteko.

Institutu atarian argazki saio bat, eta ondoko kafetegi batean lasai eseri gara, etengabeko solasaldi atseginean. Amaitzean, ordubete justu markatzen du grabagailuak eta bertze hainbertze denboraz jarraituko genuke berari aditzen.

LH eta enpresak, estu lotuta

Lanbide Heziketaren eta enpresen harreman estuaz mintzatzen hasi gara. Bi arrazoi ditu horrek: enpresen beharrei erantzutea eta ikasleek lanpostua izatea. «Institutua ez da finalista; handik Unibertsitatera edo LHra pasatzen dira ikasleak. Baina gure ikasleak derrigorrean joan behar du gero enpresara. Ezin dugu hori galdu, hil ala bizikoa da guretzat».

Hala, eskolan ez ezik enpresetan ere makina bat ordu eman ditu Larrañagak. «Gu enpresen zerbitzura gaude; hori onartu egin behar dugu. Orain ere berdina da. Hemendik bost-hamar urtera eskola desberdina izango da, baina enpresa desberdina delako. Gu beti enpresaren menpe gaude eta hark eskatzen duenari erantzuten saiatu behar dugu».

Lantokietan langile ugari erretiratu da eta beren jakintza joan egin da. Hain zuzen, hori eskoletan gerta ez dadin ahaleginduko dira Zahar eta Gazte proiektuarekin. Honek legalki babesten ditu irakasleak eskolan laguntzen ematen dituzten orduetan. Zentroei, irakasleei eta ikasleei laguntzen saiatuko dira, zentroetan martxan dauden askotariko proiektuetan.

Askotariko proiektuak

World Skills LHko ikasleen arteko nazioarteko txapelketak daude, adibidez. Orain gutxi Indian izan dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleak. «Proiektu horiek, normalean, beteranoek eramaten dituzte. Horiek joaten direnean sartzen denak jakintza badauka, baina gauza batzuk ez –keinuak egiten ditu adierazteko, baina ezin du hitzez azaldu–. Orduan, lortzen badugu jubilatu den irakasleak bere esperientziarekin puntualki laguntzea eskolan dagoen irakasle berri horri, proiektu hori gezi bat bezain zuzen joango da. Bestela, hasi orduko, martxa hartu orduko… denbora eta gauza asko galduko dira». Eta beteranoaren lekura iristerako, erretiratu egin behar.

EAEko LHko zentro publikoei zuzendutako elkartea da Zahar eta Gazte. Zentro horietako gehienek Urrats Bat proiektua dute. Honek aukera ematen die azken kurtsoko ikasleei beren enpresa sortzeko. «Orain dela 15 bat urte abiatu genuen Urrats Bat eta gaur mila enpresatik gora daude ikasleek sortuak. Hemen ere arduraduna joaten denean hutsunea gera daiteke eta laguntza txiki batekin proiektuak indartzea lor dezakegu».

Ibilbidea

Miguel Altuna institutuko irakasle eta zuzendari izan aitzinetik, bertako ikasle izan zen Jose Mari Larrañaga. Han bukatu zuen eskola. Gero lanean hasi zen eta bederatzi urte egin zituen, Arrasateko Eskola Profesionaletik deitu zioten arte, eskola k ematea eskainiz. Zazpi urte eman zituen bertan. «Arrasaten ikasle pila bat zegoen orduan eta bi eskola egin zituzten, bat Aretxabaletan eta bestea Oñatin. Niri eman zidaten Aretxabaletako eskola hori martxan jartzeko ardura».

Zaragozan oposizioak egin ondotik, irakaskuntza pribatutik publikora egin zuen salto. Aretxabaletatik Bergarara itzuli zen. Miguel Altunan sartu eta hurrengo urtean zuzendari izendatu zuten. Hamabi urte egin zituen. Bitartean, Lakuatik hots egin zioten LHko departamentuko teknikari izateko eta beste bost urte egin zituen han. Bertan amaitu zen bere ibilbide profesionala. 60 urterekin erretiratu zen, «baina ordu pila bat sartuta», azpimarratu du.

70 urte beteko ditu laster. Bistan denez, erretiroa hartu zuenean ez zen eten Lanbide Heziketarekin zuen lotura. «Beti egon naiz hor. Ez ditut harremanak galdu, ez eskolan ez departamentuan. Hainbeste urtetan hainbeste gauza egin ditugu…».

Adibide bat jarri du: «Gure zentroa aitzindari izan zen kalitatean Estatu osoan. ISO ziurtagiria bi zentrok atera genuen batera. Administrazioan ere aurrenak izan ginen».

Ibilbide luze honetan, hamaika harreman egin ditu. 1997 inguruan egin ziren LHko lehen kongresuak eta buru-belarri ibili zen horiek prestatzen. Aurten bertze kongresu bat eginen da eta hor egonen da laguntzen.

Tailerra egin zutenekoa

«Hasi nintzenean LH enpresetatik oso urrun zegoen. Eskolaren ekipamendu maila oso baxua zen. LHren alde lehen pausoa, oso inportantea, Gipuzkoako Aldundiak eman zuen, zehazki Imanol Murua diputatuak. LHko irakaslea zen. Orduan hasi zen mugimendua. Lehenengo CNCdun makinak berari esker sartu ziren zentroetan, diru pila ipini zuelako Diputazioak eskolaren eta enpresaren arteko arrakala hori murrizteko». Aurreneko lana eskola «kanpora ateratzea» izan zuten, administraziora eta enpresetara.

Lanbide Heziketak enpresekin hagitz lotuta egon behar duela azaltzeko esperientzia bat kontatu digu: «2001ean Bergarako eskolan bi tailer mekaniko genituen. Bat ondo zegoen eta bestea ez. Enpresekin hitz egitea pentsatuta neukala, fraile bat etorri zen Antzuolara, Gines, Venezuelan lan egiten zuen nafarra. Enpresatik deitu zidaten agian frailearekin egotea interesgarria izan zitekeelako guretzat. Zertara etorri zen? Bere bizimodua kontatu eta makinak nahi zituela jakinarazi zigun. Bergarara ekarri eta eskola erakutsi nion. ‘Tailer hau guztia Venezuelara bidal diezazuket, baldintza batekin: enpresariek tailer berria egitea’. 28 enpresak babestu zuten proiektua, Antzuola, Elgeta, Oñati eta Bergarakoak. Tailer osoa ipini genuen eta makinak Venezuelara bidali genituen».

Maiatz proiektua

Horrekin lotuta, bertze proiektu bat dute orain, Maiatz izenekoa. «Enpresa batera joan nintzenean hango enpresariak esan zidan: ‘Jose Mari, nik lagunduko dizut, baina baldintza batekin: arazo bat dugu enpresan eta eskolan hori konpontzeko konpromisoa hartu behar duzu’. Hala egin genuen eta proiektu hori martxan dago. Oso inportantea da, gainera. Enpresa txiki pila bat babesten ditu».

Agertu duenez, gaur egun «torloju arruntak Txinatik etortzen dira lau txakur handiren truke, baina ‘torloju’ esaten zaio alanbretik ateratzen den eta balio erantsia duen produktuari ere. Hemen inguruan enpresa ugari dago torloju hauek egiten dituena eta Maiatz proiektuak egiten duena da enpresa horiei lagundu, dituzten arazoei eskolan aurre eginez, formatutako jendearekin».

LH Duala

Boladan dago orain LH Duala. Hemen ikaslea eskolara doa goizean eta arratsaldean hiruzpalau ordu lan egiten ditu enpresa batean, ikasten ari den zikloarekin lotuta. Zer iritzi duen galdetu diogu Jose Mari Larrañagari: «Ez da nire aukerarik gustukoena. Bere garaian Alemanian arrazoi inportante bat eduki zuen. Mundu Gerra bukatu zenean gizonik gabe gelditu ziren, jendea hil egin zen gerran. Etorkin piloa zegoen, baina ez zuten mailarik enpresetan lan egiteko. Hortik sortu zen LH Duala».

«Niretzat eskolak beste gauza batzuk ematen ditu; ez da bakarrik lanerako formakuntza, pertsona ere lantzen du. Horregatik, hobeto ikusten dut ikaslea eskolan. Gero nahiko denbora izango du lanerako. Eta orduan ez txalekoarekin soilik, osatutako trajearekin joango da».

Elkartearen funtzionamendua

Zahar eta Gazte proiektuan zentroen beharrak ikusiko dituzte laguntza emateko. Dauden premien eta proiektuen arabera egitasmoak eta pertsonak ezkontzen joanen dira. Bitartekariak izanen dira.

Eskolan eta enpresan hala gertatzen da, baita bizitzan ere: aitatxi-amatxien jakintza beraiekin joaten da. «Gauza batzuk gordetzen dira baina beste pila bat galdu egiten dira. Sasoi batean transmisio guztia hitzez egiten zen. Gaur egun, etxean zer edo zer kontatzen hasten zarenean umeek esango dizute: ‘Aita, bale, ez zaitez betiko istorioa kontatzen hasi’».

«Gauza asko dauzkat idatzita. Joaten naizenean norbait etorri eta agian zakarrontzira botako ditu. Baina nik idaztea atsegin dut, pintura ere bai, herria eta jendea ezagutzea, perretxikoak… Eta gero Lanbide Heziketa, jakina».

Emakumeen beharra

Ez dugu elkarrizketa amaitu nahi emakumeek Lanbide Heziketan duten toki eskasaz galdetu gabe. «Arazo handi bat eta pena bat da. Garbi dago zulo handi bat dagoela. Emakumeekin asko hobetuko litzateke LH. Bertako oinarriarekin eta Unibertsitateko ezagutzarekin, prest egongo lirateke ikertzeko eta denerako».

«Industria enpresetan emakumeek ez dute pisurik eta hori formakuntzatik dator». Jose Mari Larrañagak aldarrikatu duenez, bada garaia Lanbide Heziketari bultzada emateko eta horretarako emakumeen parte hartzea handitu behar da.