Middlesbrough taldetik iritsi da Kike Garcia aurrelaria Eibarrera. Jokalari armagin berria gaur aurkeztu dute Ipuruan eta bertan «ilusio handia» nabarmendu du, talde gipuzkoarrean lehen mailan jokatzeko aukera izango duelako. Hala ere, ezingo du debuta aurtengo denboraldian egin, bere izen-ematea denboraz kanpo egin zen-eta.
Hurrengo hiru denboraldietan defendatuko du talde armagineko elastikoa 26 urteko aurrelariak. Kopuru zehatza ezagutzen ez den arren, Eibar taldearen historian egin den fitxaketarik garestiena da.
Alex Aranzabal presidenteak adierazi duenez «aspalditik» jarraitzen zuten aurrelaria. «2013-14 denboraldian 23 gol egin zituen Murtziarekin, eta Eibar lehen mailara igotzean gurera ekartzen saiatu ginen. Orduan ezin izan genuen gauzatu, baina orain bai», adierazi du Aranzabalek.