Jon ORMAZABAL
Tolosa

Artolak eta Albisuk ikaragarri sufrituta lortu dute horrenbeste behar zuten garaipena

Hasieran partida kontrolpean izan duten arren, 16-9 aurreratu dira, Irribarria-Merino 19-20 irabazten jarri dira baina faboritoek balio handiko puntua eskuratu dute (22-20).

Ikaragarri sufritu lortu Artola eta Albisu gipuzkoarrek euren bolada txarra eten eta azken jardunaldian sailkapena euren esku egoteko beharrezkoa zuten garaipena. Nolabait esatearren, txapelketa honetan izan duten ibilbidearen laburpen moduko bat izan da Beotibarren jokatutakoa.

Albisu oso sendo bati esker eta errematean asmatu duen Artola batekin, Asegarcekoak 11-5 eta 16-9 aurreratu dira markagailuan eta garaipenak eurena zirudien. Hala ere, ezkerra berreskuratu duen Irribarriak ez die euren erritmoa mantentzen utzi, kolpe bikainak jo ditu eta urdinek ez diote aurpegia galdu partidari.

Gauzak horrela, atzelari ataundarraren akats bat, Artolak txara bidalitako pilota bat eta eraman gabeko bi sakeri esker urdinak asko urbildu dira eta hor hasi dira faboritoen larritasunak. Presioak lotu egin ditu eta Aspekoak 16-18 eta 18-19 aurreratu dira, tentsioa goraino igoz.

Hala ere, Artolak hil edo bizi botatako dejada bati eta Albisuren pilotakada bikain bati esker berriz ere buelta eman diote eta balio handiko garaipena eskuratu dute.

Zabaletak, itzuleran galdu

Ia urtebete jokatu gabe egon ostean, gaur itzuli da Jose Javier Zabaleta kantxetara eta Elordi lagun 22-15 galdu du Mendizabal-Tolosaren aurka. Etxarrenekoak ez du erabat gustura bukatu emandako mailarekin, baina fisikoki inolako arazorik gabe amaituta, gustura behar luke atzelari nafarrak.