NAIZ
PARIS

Gobernu frantsesak atzeratu egin du lan erreformaren aurkezpena

Gobernu frantsesak «hamabost bat egunez» atzeratu du lan erreforma polemikoaren aurreproiektuaren aurkezpena Ministroen Kontseiluan, Manuel Valls lehen ministroak azaldu duenez. «Entzuteko borondatea» duela adierazi eta «testu bat adosteko» denbora hartu du.

Manuel Valls lehen ministroa azoka batean izan da gaur. (Miguel MEDINA/AFP)
Manuel Valls lehen ministroa azoka batean izan da gaur. (Miguel MEDINA/AFP)

Manuel Valls lehen ministro frantsesak baieztatu duenez, oraindik ez dute Ministroen Kontseiluan aurkeztuko lan erreformaren aurreproiektuaren zirriborroa. Gobernuak «entzuteko borondate handia» duela eta, hortaz, «testu bat adosteko» hambost bat egun hartuko ditu.

Hasiera batean, Myriam El Khomri lan ministroak martxoaren 9an zuen eramatekoa Ministroen Kontseilura lan araudiaren aurreproiektuaren zirriborroa, bertan onar zedin. Aurreikusitako egutegiaren arabera, udako etenaren aurretik bozkatu beharko litzateke lege egitasmoa Asanblea Nazionalean eta Senatuan.

Erreformak polemika handia sortu du, izan ere erreformak patronalaren eta eskuinaren aspaldiko eskaerak aintzat hartzen ditu, horien artean lanaldiaren antolaketan ugazabei ahalmen gehiago ematea, kaleratzeak merkatzean, enpresen hedapenaren aitzakian soldatak jaistea eta akordioak delegatuen %30en oniritziarekin, langile erreferenduma tarteko, onartzea.