Jon Ormazabal
Iruñea

Artola-Albisuk eskuan izan dute baina itxaron egin beharko dute

8-13 eta 19-21 aurreratu da bikote gipuzkoarra baina Irujok partidaren erritmoa aldatu du eta buelta eman diote partidari (22-21). Zornotzan, Victor-Beroizek 19-22 irabazi diete Olaizola-Urrutikoetxeari

Aspaldi ez bezela sufritu arazi diete Artola eta Albisuk Martinez de Irujo eta Rezustari, baina bikote gipuzkoarrak ez du finalerdietan egoteko beharrezkoa zuten puntua lortu eta Bengoetxea VI.a-Untoriak Ezkurdia-Barriolari Altsasun irabaztearen zain geratu dira.

Zortzinako berdinketatik aurrera Jon Ander Albisuri eskuinean pilota bat sartu zaion arren, Asegarcekoak nahiko ondo bideratuta izan dute partida 8-13 aurreratu direnean. Rezusta ere ez da eroso egon kantxan eta Irujori kosta egin zaio tantoak amaitzea. Oso ausart aritu den Iñaki Artolak, aldiz, ondo amaitu ditu jokaldiak eta gipuzkoarrak aurreratu dira.

Iberokoak, ordea, esana zuen ez zituela gaurko arerioak finalerdietan nahi eta partidaren erritmoa aldatzea lortu du, erasora pasaz. 19-17 ere aurreratu dira gorriak, baina Bergarako atzelariak gora botatako pilota batek eten du Aspekoen bolada ona. Alegiakoaren erremate bikainek finalerdien mugan jarri ditu Artola-Albisu (19-21), baina Ataungoaren huts batek eta Irujok sotamanoz errebotean jarritako pilota batek urdinen garaipena oztopatu du.

Ezustekoa Zornotzan

Sailkapenerako inolako garrantzirik ez zuen partidan, Victor-Beroiz-ek euren seigarren puntua lortu dute Zornotzan, pronostiko guztien kontra, Olaizola II.a-Urrutikoetxeari 19-22 irabazita. Atzo Urretxun, Retegi Bi-Merino II.ak sailkapeneko azken postua ekidin zuten Irribarria-Merino I.ari 22-20 irabazita