Jon Ormazabal

Finaletik eta txapeletik oso gertu dira Olaizola II eta Urrutikoetxea

Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea finaletik oso gertu dira Bengoetxea VI-Untoria, egungo txapeldunei, 22-10 irabazi ostean. Bihar Martinez de Irujo-Rezustak Artola-Albisuri irabaziko baliekete, finalean leudeke gaurko irabazleak eta Labriten erakutsitako maila mantentzeko gai badira, ez dirudi txapelak ihes egingo dienik.

Oinatz Bengoetxea, Labriteko partidaren une batean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Oinatz Bengoetxea, Labriteko partidaren une batean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Aurreko larunbatean Bilbon egindakoaren bidetik, Binakako txapeldunak izateko hautagai oso sendoak direla erakutsi dute Olaizola II.a-Urrutikoetxeak, egungo txapeldunei inolako aukerarik eman gabe irabazita.

Gabeziaren bat jartzekotan, kolpe apur bat falta dakieke, baina erasoan eta defentsan baliabiderik gehien duten bikotea direla berretsi dute Goizuetakoak eta Zaratamokoak eta hasiera-hasieratik kontrolpean izan dute partida.

Perfekziotik oso gertu, aurrelariak izan dituen aukera guztiak tantoak egiteko probestu ditu eta atzean Urrutikoetxea gaindiezina izan da egungo txapeldunentzat. Hala, berehala ireki dute zuloa markagailuan 7-2 eta 14-4 eta alperrikoak izan dira Bengoetxea VI.a eta Untoriaren ahaleginak. Gorrien nagusitasuna horrenbesterainokoa izan da, amaiera aldera, Labritera gerturatutako zenbait zalek txistu ere egin dietela, errazegi irabazi dutelako edo.

Agirre-Larunbe Promoziokoan

Bestalde, Agirre-Larunbe izango dira Gorka-Tolosaren arerioak apirilaren 2an jokatuko den Promozio mailako finalean, Tainta-Apraizi 22-15 irabazi ostean.