NAIZ
IRUÑEA

Hirutik hiru irabazita, finaleko aurkarien zain daude Olaizola eta Urrutikoetxea (22-10)

Aimar Olaizolak eta Mikel Urrutikoetxeak porrotik gabe amaitu dute finalerdietako ligaxka, Victor eta Albisu aise garaitu eta gero (22-10). Ezer gutxi zegoen jokoan, lehenak finalerako sailkatuta bait zeuden eta bigarrenek ez zuten aukerarik.

Olaizola eta Urrutikoetxeak Labriten irabazi egin dute. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Olaizola eta Urrutikoetxeak Labriten irabazi egin dute. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Faboritoak ziren eta gidoia bete egin dute Aimar Olaizolak eta Mikel Urrutikoetxeak Iruñeko Labrit pilotalekuan. 22-10 garaitu dituz Victor (Iñaki Artolaren ordez aritu dena) eta Jon Ander Albisu ataundarra.

Garaipen honekin ligaxkari amaiera jarri dio nafarrak eta bizkaitarrak osatutako bikoteak, eta porrotik gabe itxi ere. Dagoeneko sailkatuta zeuden arren, partida serioa egin dute eta ez diete aurkariei inongo aukerarik eman.

Apirilaren 9an jokatuko da finala Bilbon, eta bihar ezagutuko dituzte aurkariak. Irujo eta Rezusta Bengoetxea eta Untoriaren aurka arituko dira, eta bikote garailea sailkatuko da final handirako.