G.M. ZUBIARRAIN

Ipar Euskal Herriak zotz, Parisek beti motz

Aro berri bat hasi da Ipar Euskal Herrian. «Arren ez atzeratu» kantatuko lioke Berri Txarrak-ek “Iraultza txikien asanblada” kantan. Iraultza txikiena ez dakit, baina elkargo bakarrak «ahalduntze» txikien bidea bederen irekiko duela argi dago. Beste erakundeenak diren eskuduntzak jasotzeko legezko aukera izateak elkargoek –«esplorazio» deritzo horri hizkera politikoan– burujabetze prozesuari erraila jartzen dio, gauzatzeko bide instituzional bat.

Ez da gutxi.

Duela lau urte, 2012an, puri-purian jarri zen marko juridikoaren eztabaida hiru herrialdeetan. Erregioarenak eta departamentuarenak ziren zortzi eskuduntza lituzkeen berezko erakunde bat Parisi galdegiten ados jarri ziren alderdi politiko ezberdinetako kideak, nola orduko UMPkoak hala PSkoak, baita EELV edota esparru abertzalekoak ere (AB, garaiko Batasuna eta EAJ). 2013an milaka herritarren babesa jaso zuen eskariak lehenik Baionan, gero Maulen. Oihartzun handia erdietsi zuen dinamika hark Parisen. Orduan Barne ministro zen Valls berak gogor egin zuen aurka, kritika zaparrada eragin zuen hitzartze batekin (ETA eta aldarrikapena lotu zituen). Lebranchu ministroak, deszentralizazio gaien ardura zuenak, batean baliteke eta hurrengoan atzerakarga, entzuteko plantak egin zituen. Azkenean ezetza, argia, etorri zen, eta, urtebetera, 2014ean, kontraproposamena: udal elkargo bat.

Erakunde propioaren eztabaida «ezegokitzat jo» eta «dauden aukeretako baten» alde egiteko eskatu zuen prefetak. Horrekin berariaz ari zen ukatzen berezko erakundearen egitura badagoela jasota frantses legedian, erabat legezkoa dela alegia. Borondaterik ez ordea…

Esplorazio aukeren nekeza horixe da. Prefetak berak elkargoaren aukera iradoki zuenean «mugaz gaindiko lankidetza» aitor zekiokeela aipatu zuen. Aukera ez du jaso. Musika metaforetatik zinemakoetara joz, «beti geratuko zaigu Paris» noski, baina motz esateko.