Jon Ormazabal

Irribarriak Jaunarena triste bat txikitu du (2-22)

Aramarrak sekulako jipoia eman dio konfiantzaz oso urri dabilen Leitzarrari eta final laurdenetan Aimar Olaizolaren aurka jokatuko du datorren larunbatean Iruñean.

Irribarria, artxiboko argazki batean. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)
Irribarria, artxiboko argazki batean. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)

Kolore bakarreko partida izan da gaur arratsaldean Sorian jokatutakoa, Iker Irribarriak xehetu egin baitu lur jota amaitu duen Jon Jaunarena. «Dena bertan behera utzeko gogoa ematen du» esanez amaitu du lehia Leitzarrak, izan ere, asko entrenatuta etorri den arren, gaurko partidan oso itxura kaxkarra eman baitu.

Zazpi pilotakada gurutzatuta, 5-0 aurreratu da aramarra, horietako lau tantu sakez eskuratuta. Kolpe oso gogorra izan da hasiera hori mentalki nahikoa ahula den pilotariarentzat eta partidatik erabat irten da. 12-1 koan lortu du lehen tantoa nafarrak, baina burua altxatzeko modurik ez du izan eta ez da jarraian bi tanto egiteko gai izan.

Irribarriak, bere aldetik, opari bakarra eginda, oso itxura ona eman du eta ziur bere hurrengo aurkaria izango den Aimar Olaizolari nolabaiteko kezka ere sortu diola gazteak.