@gara_miantzi
DONOSTIA

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) egiten ari den bidea aztertuko dute jardunaldietan

Orio eta Lekaroz aitzindariak izaten ari dira lurralde antolakuntzak eta hirigintzak hizkuntzan duten eragina neurtzeko tresna erabilgarria dela frogatzean. Herri gehiago ere hasi dira bidea egiten, edo hastekotan dira. Onartu berri den EAEko Udal Legeak betebehar gisa jasotzen du Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) erreminta baliatzea. ‘Lurraldea eta hizkuntza. Oraina eta geroa’ Gipuzkoako Foru Aldundiaren, UEMAren, Kontseiluaren eta UEUren hirugarren jardunaldian ELEren oraina eta etorkizuna aztertuko dituzte.

Iñaki Alegria, Mikel Irizar, Josu Labaka eta Paul Bilbao, jardunaldia aurkezten. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Iñaki Alegria, Mikel Irizar, Josu Labaka eta Paul Bilbao, jardunaldia aurkezten. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

2014an, ‘Lurraldea eta hizkuntza. Oraina eta geroa’ jardunaldiaren lehendabiziko edizioan jaio zen Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE), eta hirugarren ekitaldirako, balio legala du tresnak. EAEko Udal Legean txertatuz, xedeetako bat bete dute, eta hiru urtetako lanak ondarea utzi duela-eta kontent agertu dira Gipuzkoako Foru Aldundia, UEMA, Kontseilua eta UEU.

Foru instituzioaren egoitzan bildu dira Mikel Irizar Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Josu Labaka UEMAko lehendakaria eta Iñaki Alegria UEUko zuzendaria. Elkarrekin egindako bidean, euskalgintzaren eta instituzioen arteko konplizitateak zer-nolako eragina izan dezakeen ikusi dutela azpimarratu dute.

«Hirigintzak edo herri lanek ingurumenean zuten eragina neurtzen hastea zerbait exotikoa izan zen 70eko hamarkadan –adierazi du Irizarrek–. Orain, ordea, legez egin beharrekoa da eraginaren neurketa eta, emaitzen arabera, neurri zuzentzaileak hartu behar dira. Eta gerta daiteke egitasmo bat bertan behera geratzea, eragin hori gehiegizkoa eta saihestezina izan badaiteke».

Duela hiru urte lurralde antolamenduaren eta hizkuntzaren lotura aztertzen hastea «are exotikoagoa» izan zen. Baina jada eragin linguistikoa ebaluatzeko lehen saioak egin dira, besteak beste Orion eta Lekarozen, eta aurtengo jardunaldietan esperientzia zehatz horiek azalduko dituzte. «Gaia dagoeneko euskal agendan dago, Lekarozko Aroztegia lekuko», agertu du Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak. «Galesko Bangor herrian gelditu berri dute 366 etxebizitza egiteko proiektu bat. Han ez da batere exotiko. Eta gurean ere eragin linguistikoaren ebaluazioa hasi da exotiko ez izaten».

Pedagogia egiteko erronka

Josu Labakak erran bezala, lana hasi da emaitzak ematen, baina oraindik erronka handi bat dute: hau guztia jendeari azaltzea eta pedagogia egitea. Maiatzaren 12an, Donostiako EHUko Carlos Santamaria zentroan izanen den jardunaldiak helburu horri erantzun nahi dio, baita, Iñaki Alegriak iragarri duenez, UEUk martxan jarriko duen graduondokoak ere.

Jardunaldia udalerri euskaldunetako gaitasunaren bilakaera esplikatuz hasiko da. Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaile eta hizkuntzalariak emanen du hitzaldia. Ondotik Orioko eta Lekarozko proiektuak agertuko dituzte. Eredu eta urrats berriei buruzko mahai-ingurua, neurri zuzentzaileei eta txertatze legalari buruzko gogoeta eta ondorioak etorriko dira azkenik. www.ueu.eus-en dago informazio guztia.