NAIZ
DONOSTIA

Gipuzkoa plazako kanpaldian zeuden bi pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak

Laugarren gaua egin du Gipuzkoa Zutik ekimenak Gipuzkoa plazan. Goizean Ertzaintzaren hainbat furgoneta agertu dira, desalojoari ekiteko. Herritarrak lurrean eseri dira eta poliziak haiek ateratzen hasi dira. Bi lagun eraman dituzte, atxilotuta, baina geroago aske utzi dituzte, epaiketaren zain. Arratsaldean, mobilizazio jendetsua burutu dute gipuzkoar hiriburuko kaleetan.

Ertzaintzaren furgonetak agertu ondoren, gaua plazan pasa duten herritarrak eta haiei babesa adieraztera joan direnak lurrean eseri dira. Poliziak inguratu egin ditu eta ateratzen hasi da.

Bi lagun eraman dituzte, atxilotuta, Lakuako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, baina laste aske geratu dira. Ondoren, alde egin dute poliziek. Bi atxilotuei epaiketa azkarra egingo diete.

Eguerdian agerraldi jendetsua egin dute eta arratsaldeko 18.00etarako mobilizazioa abiatu. Jende ugari batu da manifestaldira. Euskal herritarrei bat egiteko eskatu diete. Gipuzkoa plazatik atera dira eta Artzain Oneraino iritsi. Ibilbidean erraustegiaren kontrako aldarriak entzuteaz gain, mozal legea bertan behera geratzea ere eskatu dute.

Erraustegiaren proiektua geldiaraztea «denon esku» dagoela nabarmendu dute eta asteburuari begira plazara joateko deia egin dute. «Gure aldarrikapenak entzun arte ez gara mugituko», ziurtatu dute.

 

Laugarren gaua igaro dute Gipuzkoa Zutik ekimeneko kideak, erraustegiaren aurka. Igandeaz geroztik daude han.