NAIZ

Donibane Lohizuneko itsasontzi bateko arrantzale bat hil da Capbretonen

Oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik, atzo, 20.00ak aldera, Samatheo arrantzontzian sua sortu zen. Bertan ziren lau arrantzaleak uretara jo zuten. Hiru onik atera zituzten; ez, ordea, laugarrena, sorospen zerbitzuek hilotz jaso zuten.

Capbreton (Landak) aldeko kostaldean gertatu zen ezbeharra, Itsas-prefeturaren iturriei aipu eginda, Sud-Ouest egunkariak jakinarazi duenez.

Arratsaldeko 20.00etan Messangeseko itsas-behatokian jaso zen sutearen abisua. Berehala Jendarmeriako helikopteroa eta sorospen zerbitzuak abian jarri ziren. Donibane Lohizune-Ziburuko portuko itsasontziko lau marinelak uretan ziren ordurako.

Horietako bi helikopteroz ebakuatu zituzten eta beste biak, berriz, Adouanetako ontziak jaso zituen. Ordurako, alabaina, arrantzale bat bizigabe zen eta ez zuten suspertzea lortu. Gainerako hiruak Akizeko erietxera eraman zituzten.

Baionako fiskaltzat ikerketa abiatu du ezbeharraren nondik norakoak finkatzeko.