Oihane Larretxea de la Granja

Lasterka edo paseoan, han-hemenka dabiltza patinatzaileak gurean ere

Herri eta hirietan, bidegorriak nahiz etorbide luzeak zeharkatzen ikusten dira, gero eta gehiago, patinatzaileak. Talde handietan ibiltzen dira sarri eta bata bestearen atzetik ziztu bizian igarotzen dira geure begien aurretik. Leire Vegas donostiarrak Tolosan ireki berri du patinetan espezializatutako Gipuzkoako denda bakarra: Ipar Roller.

Gurpiltxoei esker lortzen den abiadurak askatasun sentsazioa areagotu egiten du, gorputzak arin egiten ditu eta ez dago zoruarekin marruskadurarik labaindu egiten delako patinatzailea. Suabe, goxo, leun, hanka bat luzatuz, gero bestea… Euskal Herriko hiri eta herrietan asko zabaldu da patinen gainean ibiltzeko zaletasuna, bereziki azken hiruzpalau urteotan, eta pixkanaka patinatzaile taldeak sortu dira, deialdiak egin eta elkarrekin kirol honetaz gozatzeko. Jendea ezagutu eta gurpilen gainean trebatu. Hasiz gero, harrapatu egiten du.

Leire Vegas donostiarra handik hona patinatzen ibiltzen den horietakoa da. Orain urtebete pasatxo murgildu zen mundu honetan eta liluratuta du. Are gehiago, gaur egun bere afiziotik ofizio egin du: iragan ekainaren 10ean Tolosan zabaldu zuen Ipar Roller, patinetan espezializatutako Gipuzkoako denda bakarra. Mota guztietako patinak saltzen ditu, modalitate guztietan aritzeko, arruntenetik apetatsuenera. Skate eta patineteak ere baditu, baita beharrezkoak diren piezak eta osagarriak: kaskoak, motxilak, sokak, torlojuak, gurpilak, hauek kokatzeko gidak… «Hemendik patinatzeko beharrezkoa duzun guztiarekin atera zaitezke», dio.

Gipuzkoan sumatu zuen hutsune bati erantzuten dio dendak, inguruan ez dagoelako halako dendarik. Kontatzen duenez, gertukoenak Gasteizen eta Iruñean daude, eta patin zehatzak erosteko bakarrik ez, pieza txikiak, freno bat edo torloju bat erosteko ere haraino joan beharra zuten inguruko zaleek. Ez zen ez errentagarria ezta batere erosoa, jakina. Bi hilabete bete ditu oraintxe, eta pozik dago harrerarekin. «Erreferentzia izatea da helburua, eta jendeak urrutira joan behar ez izatea. Tolosa lurraldean ondo kokatuta dago, eta Azkoitia, Donostia, Lasarte eta Andoaindik jende asko dator. Leku guztietatik datoz. Hutsunea bete nahiko genuke», dio ilusioz.

Patinaje elkarteen arteko zubi lana ere egiten du Ipar Roller dendak, alegia, jendeak informazioa bilatu nahi izanez gero, bertan galdetuz izan dezake elkarte, ikastaro, jardueren… berri. «Jendeak kalean ikusiko zuen jendea patinatzen, eta bat egiteko gogoa piztuko zitzaion bati baino gehiagori, baina litekeena da non galdetu ez jakitea».

Dendetan betidanik aritu da lanean Leire Vegas, moda sektorean, eta ehungintzak patinatzaileen munduarekin zerikusirik ez izan arren, badaki zer den erosgaiak bilatzea, banatzaileekin tratatzea… Ezberdintasuna markatzea, edo ezberdina izatea beti da aldeko ezaugarria. Publikoa ez da oso zabala, oso zehatza baita, baina dagoen eskaera asetzeko adina eskaintza ez dagoenez, kontent dago momentuz lortutako emaitzekin. «Halako hamar denda baleude, akaso ez legoke denontzat negozioa, baina oraingoz bakarrak izanik…».

Patinei dagokienez, prezioak askotarikoak dira, bakoitzak gastatu nahi adina. Arruntak, patinatzen hasi nahi dutenentzat, 140 euroan baditu. Hortik aurrera, poltsikoak uzten duena. Adibidez, garestienak 1.300 eurokoak dira, diseinua bakarrik ez, material onak ere ordaindu egiten direlako: larruzko botak, karbonoz egindako piezak… Aste honetan bertan derrapatzean txinpartak egiten dituzten gurpilak jaso dituzte dendan, eta argia egiten dutenak ere badaude. Gurpilena ere mundu zabala da. Bada 30 eurogatik lau gurpiltxo erosteko aukera edo sei 200 eurogatik. Eta bitxia edo ez, dioenez, patinatzaile askok, zale amorratuak direnek, ez dute patin pare bakarra, bat baino gehiago baizik, modalitate bat baino gehiago praktikatzen dutelako, eta estilo bakoitzak bereak eskatzen dituelako.

Produktuok guztiak bilatzeko, hain zuzen, lan handia hartzen du Leire Vegasek. Dioenez, marka etxeekin kontaktua egitea ez da erreza ez daudelako hainbeste. Bereziki, Alemania, Estatu frantsesa eta Txekiar Errepublikatik ekartzen du materiala.

Zaleak, haur eta heldu

Une gozoa bizitzen ari da sektorea, gero eta zale gehiago dago, eta txoko askotan elkarrekin patinatzeko elkarteak eta taldeak sortzen ari dira. Vegasen iritziz, azken bost urteotan sumatu da gorakada, baina, aipatzen duenez, orain pare bat hamarkada Tolosan bertan baziren elkarteak, eta munduko txapelketetan parte hartzen zuen tolosar gazte talde bat ere bazen. Bere ustez, gertatu dena honakoa da: eskaintza zabaldu egin da eta edonoren esku dago egun irristaketan aritzea. «Edonor murgildu daiteke mundu honetan, ikastaro bat jasotzea nahikoa baita bi patinen gainean ibiltzeko».

Elkarteetan edo hauetatik kanpo ibiltzen den jendearen adin tartea horren erakusle da. Haur eta gazte asko bai, baina baita helduak ere. Erretiroa hartu berri dutenak tartean, eta 70 urtetik gorakoak ere, bat baino gehiago gainera, Vegasek dioenez. Adin tarterik hedatuena 35 eta 45 urte artekoa da. Besteak beste, seme-alabak zaleak direla-eta, gurasoak ere hasten dira. Tolosan ez da batere arraroa hala hastea, izan ere, herriko ikastetxe guztietan, 12 urteak arte, eskolaz kanpoko aukera bezala jarri da patinaketa, Joxe Nazabal Tolosako Irristaka patin elkarteko lehendakariak dioenez.

Kirol bezala atsegina da, diote Vegasek eta Nazabalek, eta horrek, noski, lagundu egiten du kide kopurua handitzen. «Oso dibertigarria da, diziplina asko ditu eta estiloak oso anitzak dira. Gainera, erosoa da, motxilan patinak sartu eta bakoitzak nahi duenean jarri eta kentzen ditu, paseatzeko, lasterketak egiteko, lanera joateko… Osasunari dagokionez, ez du eragin kaltegarririk belaunetan, adibidez korrika egiteak izan dezakeen bezala, eta ez du forma fisiko berezirik exijitzen, teknika da garrantzitsuena», uste du Vegasek.

Patinatzen hasteko

Irristaketan hasteko gogoa piztuz gero, ondo informatzea eta aholkatzen uztea garrantzitsua da, oso ohikoa omen delako, adibidez, behar dena baino patin handiagoak erostea, horrek ekarriko dituen ondorio eta arazoekin, bai segurtasunari nahiz osasunari dagokionez. «Neurrikoak hartzen ez badira, oinetara behar bezala moldatzen ez badira, oreka penagarria izango da», dio Vegasek. Hala, 80 mm-ko gurpil txikiekin hastea gomendatzen du –azken joera 125 mm-koak dira–, baita bota bigun eta karkasa gogorra hautatzea.

Inoiz lehenago praktikatu ez bada, aldez aurretik ikastaro bat egitea derrigorrezkoa izango da, nozio batuk hartu eta oinarrizko ezagutzak bereganatzeko. Txikitan aritutako helduei ere formazioa jasotzea gomendatzen zaie. Eta aurrekoa bezain garrantzitsua dena: nork bere buruan konfiantza izan eta segurtasunez aritzea. Edozein kasutan, eta beti, Ipar Rollerren kaskoaren erabilera bultzatzen dute, erorketa txikia izan arren, erortzeko arriskua beti dagoelako. Eta bidegorri edo espaloietan inor abisatu nahiz izanez gero, jakin badagoela hatzean lotzen den tinbre txiki bat: «Riiiiingg...!». Dena pentsatuta dago!

Begirada azkarraz sumatzen da patinaren garapena: larruzko uhalez oinetakoei lotzen zitzaizkien oinarri metalikoetatik, atzean zein aurrean bi gurpil zituztenetara. Gaur egun ez lau ezta bost gurpiltxo, hiruren gainean ibiltzen dira patinatzaileak gorputzak aske sentitzeko handik hona irristaka.

 

Irristaka taldea, Tolosak badu eta bazuen patinetan ibiltzeko ohitura

Tolosako Irristaka roller taldea da elkarrekin patinatzeko Euskal Herrian sortu diren taldeetako bat. 2012an jaioa, gaur egun 100 bazkide pasatxo ditu, eta, generoari dagokionez, oso orekatuta dago proportzioa, edozein kiroletan aproposena litzatekeena, izan ere, ia-ia %50 emakumeak eta %50 gizonezkoak dira, Joxe Nazabal elkarteko presidenteak kontatzen duenez. Zalantzarik egin gabe, berak ere sumatu du azken urteotako gorakada, eta zentzu horretan aipatzen du Donosti Roller taldeak Gipuzkoan irristaketari emandako hauspoa, Tolosan bertan orain hogei urte aritu zen zale amorratu taldea ahaztu gabe. «Garai hartan herrian asko landu zen irristaketa», dio. Hala, ez da kasualitatea Tolosan 200 metroko zirkuitua egotea; EAEko eta Gipuzkoako txapelketak egiten ziren bertan.

Gorakadak ere naturaltasuna eman dio diziplinari. «Azken lau urteotan aldaketa handia sumatu dugu. Bidegorrietan patinatzaileak ikusten zirenean jendea ikaratu edo harritu egiten zen bitartean, orain erabat barneratuta dago. Hala ere, elkarlana bultzatu behar dugu oinezko, txirrindulari eta patinatzaileok. Adibidez, Tolosatik Ikaztegietara doan bidean, patinatzaileok ere gure aldetik jarri behar dugu, izan ere, abiadura muga 10 kilometro ordukoa izan arren, entrenatzen ibiltzen direnak 40 kilometro orduko abiadura har dezakete…». Hala ere, elkarbizitza ematen da, dioenez.

Egitura faltaz kexatzen dira patinatzaileak, izan ere, zaletasunak gora egin arren, ez dago berau asetzeko adina azpiegitura. Leire Vegas eta Nazabal berak bat egiten du baieztapenarekin. Gainera, Euskal Herriko klimak «ez du batere laguntzen», eta aire librean dauden skate parkeen erabilera uda sasoira baino ez da mugatzen. Gipuzkoa mailan behintzat hutsunea dagoela uste du Nazabalek.

Irristaka taldeko kideak astean bitan elkartzen dira, gutxienez, elkarrekin aritzeko, asteazken eta ostiraletan. Horrez gain, Whatsapp taldearen bidez deialdiak egiten dituzte, baten batek patinatzera ateratzeko asmoa izanez gero, proposamena partekatuz.

Taldetik kanpo ere lan mardula egin dute afizioa sustatzeko. Aipatzekoa da Tolosako ikastetxeetan eskolaz kanpo eskaintzen diren kirolen artean irristaketa eskaintzeko egin duten ahalegina. Lehen aipatu bezala, 12 urte bete arte irristaketa hautatzeko aukera dago. Ondoren, horretan aritu diren ikasleei Irristaka taldeko kide izateko aukera ematen zaie, jardunaldi eta ekimenetan parte hartzeko. Era berean, urtean behin Landetara familia irteera antolatzen dute eta mugikortasunaren astearen baitan ere parte hartzen dute.

Ekintza berriak prestatzeko asmoz, iragan hilean lehen aldiz irteera antolatu zuten Tolosan barna, ilunabarrean, eta arrakasta handia izan zuen. Udalarekin harremanetan daude, urtean halako hiruzpalau deialdi egiteko. «Aisialdia partekatzeko modu polita da, familian, taldean, bakarka… Bakoitzak bere maila aukeratzen du eta horrek lortzen du jendea erakartzea», uste du Nazabalek.