
CGTk abuztu hasieran Bordeleko Epaitegian LABen kontrako auzia bultzatu zuen, honek enpresa txikietan azaroan egingo diren bozetan hautagaitza aurkezteko eskubidea izan ez dezan. Gertaera horrek Ipar Euskal Herrian dituen afiliatu eta ordezkarien artean sortutako egonezina ez da baretu oraindik. Helburu horrekin Estatu frantseseko sindikatu nagusiko Pascal Fournet goi mailako ordezkaria iragan larunbat arratsaldean Baionan izan zen bere kideei azalpenak ematen.
Bilkura luzea izan zen eta eztabaida ere bai. Peio Dufau Baionako CGTko kideak adierazi duenez, Pariseko ordezkariak «ez ditu onartzen» bertako delegazioen argudioak: «Akitania erregioko CGTn LABen aurkako erasoarekin haserre gauden bakarrak gu garela esan zigun».
Fournetek zortzi orrialdeko txostena ekarri zuen sindikatuak bai LABen bai Korsikako STC-ren kontra hartutako auzibidea esplikatzeko. Sindikatu txikiei ordezkaritza izateko eskubidea ez dietela kendu nahi baina beren jarduera soilik beren eremu geografikora eta bertan bizi diren langileei –«elebidunak izan behar dutenak, gainera»– mugatzea «diskriminatzailea» dela deritzo CGTk, funtsean. Are, «jatorri geografikoagatik edo, nork daki, bihar etnikoagatik» antolatzeko jokamolde horiek «arriskutsuak» direla uste du.
Mozioa eta bilera
CGTko euskal militante asko minduta daude, besteak beste, euskararen erabilera argudio gisa ibili izanagatik. «CGTren barnean militante euskaldunak ere bagara eta gure kontrako erasotzat hartu dugu arrazoibide hori», gaineratu zuen Dufauk.
Larunbateko bilkuran mozio bat bozkatu zuten, CGT konfederazioak LABen kontra bideratutako prozeduratik urruntzeko. «Presente ginen gehienek parte hartu genuen bozketan; inork ez zuen kontra egin eta batzuek zuri bozkatu zuten», nabarmendu du.
Barne kontraesanak ez ziren, haatik, bilera horretan itzali. Izan ere, Pirinio Atlantikoetako CGTko sekzio guztiek beste bilera bat egingo dute urriaren 6an Pauen. «Gatazka hauek behin betiko bukatzea nahi dugu eta LABekiko harremanetan normalizazioa bultzatuko dugu, gure artean aspaldi nabaritzen baita normaltasuna. Espero dugu departamenduan ere jarrera orokorra zehaztea eta bide horretan erabakiak hartzea», adierazi du Dufauk.
Larunbateko prentsaurreko masibora deitu du LABek
CGTko kideek larunbatean izan zuen bileraren karietara, LABek bere aurkako «erasoa» salatzeko «ongietorri» berezia egin zien sarreran. Sindikatu abertzaleko hainbat militantek pankarta eta kartelekin eta ahoa zintekin estalita zuten maskarak aurpegian, LAB isilarazi nahian dabiltzala irudikatu zuten. Protesta sinboliko horretan «edozein errepresio sindikal onartezina» dela nabarmendu ostean, CGTko zenbait afiliatuk erakutsi dieten elkartasuna eskertu zuten.
Era berean, dei egin zuten datorren larunbatean, 10.30ean, Baionako Lan Burtsan egingo duten prentsaurreko masibora: «Sindikatu, eragile sozio-ekonomiko, politiko eta kulturari eta hizkuntzari lotutakoak deitzen ditugu, langileekin batera bertan parte hartzera».
Azkenik, LABek berretsi du azaroaren 28tik abenduaren 12ra bitartean enpresa txikietan egingo diren hauteskundeetan izango dela eta LABen alde bozkatzera deitu ditu langileak. A.M.

EH Bildu reclama una mesa para buscar consenso sobre KAS e Insausti pide «dejar el buenismo»

El Ayuntamiento de Donostia prohíbe las cenas solidarias en la calle para personas sin hogar

«Afaltzea ez da delitua», egin du aldarri KASek, herritarren babes zabalarekin

Piden reducir el consumo de agua en una veintena de municipios de Busturialdea y Lea-Artibai
