NAIZ
BILBO

Hainbat mobilizazio iragarri dituzte Zobaran eta Goieaskoetxearen egoera salatzeko

Bihar, 20:00etan, Bilboko San Anton zubian elkarretaratzea izango da Aletxu Zobaran eta Ibon Goieaskoetxea euskal preso politikoen egoera salatzeko. Era berean urriaren 13an, elkarretaratzeak deitu dituzte Bilbon, Gernikan, Plentzian eta Urduñan.

Zobaran eta Goieaskoetxearen egoera salatzeko elkarretaratzea egin dute frantziar Kontsulatuaren aurrean. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)
Zobaran eta Goieaskoetxearen egoera salatzeko elkarretaratzea egin dute frantziar Kontsulatuaren aurrean. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)

Ibon Goieaskoetxea eta Aletxu Zobaran euskal preso politikoen egoera salatu dute Bilbon, frantziar Kontsulatuaren aurrean egindako protestan. Era berean, hainbat mobilizazio deitu dituzte datozen egunetarako. Bihar, 20:00etan, bizkaitar hiriburuko San Anton zubian eginen dute elkarretaratzea, eta urriaren 13an gauza bera egingo dute Bilbo, Gernika, Plentzia eta Urduñan.

Bi preso politiko bizkaitarrak Valenceko espetxera dispertsatuak izan ziren, Euskal Herritik 952 kilometroetara, eta haien egoerak «zeharo okerrera» egin duela azpimarratu dute. «Preso hauek eta haien senide eta lagunek pairatzen duten egoera zaila eta tentsioa direla medio, gure kezka adierazi nahi dugu modu publikoan, hemen frantziar Kontsulatuaren aurrean».

Biak ala biak Valenceko espetxetik atera eta Euskal Herritik gertu dagoen espetxe batera ekar ditzaten eskatu dute, «eta berandu baino lehen, etxera». «Valence espetxe esperimentala da. Espetxe horren izaera suntsitzailea da». Eta gogora ekarri dute guzti hau salatzeko, Goieaskoetxea eta Zobaranek borroka bat hasi zutela, eta horren ondorioz, abuztuaren 8tik zigor ziegetan daudela.

Duela hamaika egun Valenceko espetxean izandako matxinada batean, Zobaranen ziega erre zuten. Ez Zobaran ez Goieaskoetxeak ez zuten kalte fisikorik jasan, zigor ziegetan zeudelako hain justu, baina matxinadaren eraginez, espetxearen zati handi bat kiskali zen eta isolamenduan sartu aurretik Zobaranek okupatzen zuen ziegan zegoen guztia erre zuten.

«Frantziar Estatuari behingoz eskatzen diogu Madrilek euskal preso politikoei aplikatzen dizkieten mendekuzko espetxe politikari segidismorik ez egitea», gehitu dute.