GARA
ESKORIATZA

40 urte bete ditu Huhezi fakultate aitzindariak jendartean eragiten

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak atzo hasi zituen 40. urteurreneko ospakizunak, bere historia eta mugarri nagusiak jasotzen dituen «40 urte euskal gizartean eragiten» izenburuko liburu eta dokumentala aurkeztuz.

Azken lau hamarkadetan Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean (Huhezi) prestatutako irakasle euskaldunak milaka haurren hezkuntzaz arduratzen dira gaur gure eskola eta ikastoletan, edo komunikazio arloko profesionalak dira ikus-entzunezko hedabideetan edo erakundeetan. Aitzindari izan zen fakultate honek betetzen duen zerbitzu publikoaren eta jendartean duen eraginaren neurria ematen dute zenbakiek: 40 urteko ibilbidean 7.000 ikasle baino gehiago hartu ditu, eta ikasle horietatik 5.071 irakasleak dira orain.

Urteurrena ospatzen hasteko, fakultatearen ibilbidea jasotzen duen liburua aurkeztu zuten atzo, “40 urtean euskal gizartean eragiten” izenburukoa. Iñigo Ramirez de Okariz ikertzaile eta irakasleak idatzitako lanak 328 orrialde ditu eta dokumental bat dakar barruan, Iñaki Bilbao eta Adrian Alonso ikasle ohiek gradu bukaerako lan gisa egindakoa. Bertan azaltzen dira hainbat mugarri: Eskoriatzako Irakasle Eskolaren sorrera 1976an, irakasleak lehenengoz euskaraz prestatzen hasiz; Irakasle Eskola Huhezi bihurtu zenekoa, 1997an; lehen masterra eman zuenekoa, 1999an; PBL (Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza) erabiltzen hasi zenekoa, 2003an, eta abar.

Gaur egun, hainbat titulazio eskaintzen ditu Hezkuntzan, Komunikazioan eta Kooperatibismoan, gradu, master eta aditu tituluetan, Eskoriatzako zein Aretxabaletako campusetan. Zera azpimarratu zuen Begoña Pedrosa dekanoak: «Gure gizartea hobetzen lagundu nahi dugu. Alde batetik, profesional onak, arduratsuak eta konprometituak prestatuz. Bestetik, ikertuz eta gure ezagutzak gizartearekin partekatuz». Aurrerago ekitaldi gehiago egingo dira, batez ere datorren maiatzean, bai akademikoak bai ludikoak.