Jon Ormazabal

Oinatz Bengoetxea Ezkurdiaren gainetik pasa da (22-6)

Leitzarrak hasiera hasieratik Ezkurdiak baino askoz abiadura handiagoa eman dio pilotari eta uste baino garaipen errazagoa lortu du. Mikel Urrutikoetxea izango da leitzarraren arerioa finalerdietan.

Bengoetxea VI.ak uneoro erakutsi dio bizkarra Ezkurdiari (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Uste baino askoz errazago lortu du Oinatz Bengoetxeak finalerdietan Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatzeko txartela, Labriten Joseba Ezkurdia 22-6 egurtu ostean. Bestelakorik espero zen arren, markagailuak kantxan gertatu dena islatu du eta Asegarcekoa oso nagusi izan da.
Partida hasiera-hasieratik ikusi da Bengoetxea VI.ak bere eguna zuela eta pilotari arerioak baino abiadura bat gehiago sartuz eta azpitik jokatuz, ez dio inolako aukerarik eman berea eman ez duen Ezkurdiari. Erritmo bizia jarri nahi izan dio leitzarrak partidari eta halaxe lortu du, lehia 38 minutu eta 172 pilotakadetan erabakiz.

Pilota bizienak berak aukeratutakoak ziren arren, Ezkurdiak partida osoan ez du tantoa dominatuta izan eta ez da bikain aritu den Bengoetxeari aurrea egiteko gai izan. Partida amaiera aldera, gainera, bizkar aldean arazo batzuk ere izan ditu eta oso urrun geratu zaio finalerdiak jokatzeko aukera.