GARA
SEUL

Hego Koreako presidentea atzera egiten hasi da, eskandalu baten eraginez

Park Geun-hye Hego Koreako presidentea erabat ahulduta dago eta astebete lehenago hartutako erabakia bertan behera utzi beharrean izan zen atzo. Bazter guztietatik esaten diote kargua uzteko. Milaka herritar irten dira kalera azken egunotan protesta egitera. «Choi Soon-sil kasua» izan da bere gainbeheraren abiapuntua.

Hego Korean presidente kargura iritsi den lehen emakumea larri dabil. Duela astebete, bere aurkako mezuak bazter guztietatik iristen ari zirela, egoera bere onera ekarri nahian oposiziotik oso hurbil dagoen Hwang Kyo-ahn politikaria izendatu zuen lehen ministro kargurako.

Baina maniobra horrek ez zuen gauza handirik lortu eta atzo, sei egun beranduago, erabaki hura bertan behera utzi beharrean izan da Park Geun-hye, Batzar Nazionalean (Parlamentuan) diputatu gehienek ezezko botoa eman baitzioten lehen ministro berriari.

Presidenteak kalean ikusi zuen giroak iragartzen zuen Parlamentuan zer aurkituko zuen. Sarreran ikusi zituen pankartetan «dimisioa» exijitzen zioten manifestariek.

Botere osoa bere eskuetan izan zuen politikaria atzera egiten hasia da. Atzo garbi adierazi zuen parlamentariek aukeratzen duten lehen ministroaren eskuetan utziko dituela bere aginpideak. Urtebete pasatxo falta da hurrengo hauteskunde presidentzialak egiteko. Egoera xelebre hori eragin du «Choi Soon-sil kasuak», presidentearen lagun min baten izena daraman eskandalu politikoak.

Inolako kargurik ez duen 60 urteko lagunak ustez presidentearen hitzaldiak prestatu izan ditu. Estatuaren kontuetan era ezkutuan esku hartu izana ere leporatu zaio. Gainera, bere eragina erabili omen zuen dirua bildu eta ondoren zati bat poltsikoratzeko. Salaketa horiek guztiak ikertu behar dituzte hemendik aurrera.

Herritar asko haserretu da egoera horren aurrean, inolako zilegitasunik ez duen pertsona ezezagun batek Gobernuari dagozkion erabaki garrantzitsuak hartu dituelakoan. Ministro batzuen izendapena ere egotzi izan zaio, bere harreman horri esker aberastu eta makina bat pribilegio lortu izanaz gain.

Eskandalua handitu du Choi Soon-sil sekta erlijioso eztabaidagarri baten sortzaile zenaren alaba izatea. Aipatu erlijio-talde hori izan zen Park gaztearen zaintzaile. «Koreako Rasputin» esan izan zaio Choiri, Grigori Efimovitx Rasputin Romanov dinastiaren azken egunetan eragin handia izan zuen errusiar mistikoa gogora ekarriz.

Hego Koreako sistema politikoak aginpide asko ematen dio presidenteari, lehen ministroa bigarren mailan utziz. Baina ateak zabalik uzten ditu lehenengoak bere botere batzuk bigarrenaren eskuetan utz ditzan, oraingoz inoiz gertatu ez dena. Orain herrialdeko hiru alderdi nagusiei dagokie lehen ministro berria aukeratzea.