Mikel ZUBIMENDI

«Arrakasta handiena neu naiz» ideiaren saltzaile oso trebea

Donald Trump zerbaitetan abila izan bada, bere burua arrakastaren pertsonifikazio legez saltzen izan da. Bere izena urrezko letrekin idatzia duten etxe orratz puskak eraiki ditu, bere telebista show propioa dauka... eta orain munduko agintari boteretsuena izango da. Dena da superlatiboa bere historian. Bera da handiena, dotoreena, arrakastatsuena… Berarekin kritiko direnek gogoratzen diote zergak ez ordaintzearren hainbat kasino eta proiektuk izandako porrota. Alferrik izan da, baina. Sekula idazten ez zituen diskurtsoetan bere diruaz, inteligentziaz, bere emaztearen edertasunaz harrotzen zena da AEBetako hurrengo presidentea.

Sekula kargu publikorik izan ez edo zerbitzu militarrik egin ez duen AEBetako lehen presidentea izango den magnate eta celebrity honek, aitaren higiezinen konpainiarekin lortu zuen bere dirutza. Milaka eta milaka etxeren jabea, adreiluaren burbuilarekin aberastua, 1983an Trump Tower etxe orratza eraiki zuen eta harrezkero bertan du bere komandantzia. 2004an NBC telebista kateko "The Apprentice" realityan parte hartu zuen. Baina bere biografiak dioenez, iragan mendeko 1987tik bazuen interesa presidentetzarako lehian parte hartzeko, bazuen Etxe Zuria jo puntuan.

Trump, hiru aldiz ezkondua eta bost seme-alabaren aita, segur aski herrialdeko multimilionario ezagun eta mediatikoena zen. Presidente izateko jauzia egin zuenean, askok aukerarik gabeko hautagaitzat jotzen zuten. Bere iraganak, bere moduek, emakume edo etorkinen aurkako purrustek, Obama AEBetan jaio ote zen zalantzan jarri zuen mugimenduaren bultzatzailea izateak sortzen zuten zalapartak ezgaitzen zuelakoan. Queenseko magnatea izan da, baina, azkena barre egiten. Primarioetan 70 urterekin hautagai zaharrena izan zen eta gazteagoak ziren beste guztiak garaitu zituen.

“Make America Great Again” esloganarekin egin du kanpaina, historian izan denik eta kanpaina latz eta zikinena. AEBetako ekonomia indartzeko barrura begiratu behar dela eta kanpoan dauden hainbat produkzio etxeratu behar direla gaineratu du. Mexikoko mugan murrutzar bat eraiki behar dela iragarri du eta AEBetara musulmanen sarrera debekatzearen alde azaldu da besteak beste. Bera emakumeak jazartzen erakusten zuten grabazioak atera dizkiote, zergak ordaintzea nola saihesten zuen, baina, alferrik, politikoki ez zuten hil.

Lehen unetik esan zien bere jarraitzaileei botere eta konbentzio guztiei desafioa botako ziela, politikakeriaren profesionalei ostikada latza emango ziela, bere fenomenoa Brexitak suposatu duena izango dela baina tonaka esteroidekin. Ez zioten sinisten. Adituek ezinezkotzat jotzen zuten, apustu etxeek dirutza jokatzen zuten bere kontra, komunikabideek bezala, baina azkenean, denei tirrit, Trumpek irabazi du.

Lehen agintaldian ez da bera baino presidente zaharragorik egon, baina gutxik izango zuten berak orain daukan boterea eta maniobrarako tartea. Munduan barrena shock egoera eragin du, bai, baina aitortu egin behar zaio saltzaile trebea dela eta bere estrategia toxikoak ongi funtzionatu duela.