GARA
ANKARA

Bruselak errieta egin dio Ankarari eta kurduek isunak exijitzen dituzte

Europako Batzordearen iritziz, azken urtean atzera egin du Turkiak zuzenbide estatuari eta oinarrizko eskubideei dagokienez, eta ondorioztatu du Erdoganen Gobernuak egiten duena ez datorrela bat Europar Batasunean sartzeko bere «nahi ofizialarekin».

Uztaileko estatu-kolpe ahaleginaren ondoren batez ere, oinarrizko eskubideek atzera egin dute Turkian, Europako Batzordeak atzo adierazi zuenez. Gogorarazten du milaka militar, kazetari, irakasle eta oposizioko politikari atxilotu dituztela porrot egin zuen kolpearen harira.

Johannes Hahn Eskualdeetarako Politiketarako komisarioak, Batasunaren handitzea zuzentzen duen politikariak, atzo eman zuen ezagutzera Turkiak bete dituen eta bete gabe utzi dituen baldintzen inguruko txostena, urtero egiten dutena. «Abian jarri dituen ekimenak, heriotza zigorra berriz indarrean jartzeko asmoa barne, ez datoz bat Turkiak ofizialki adierazi duen Europar Batasuneko kide bihurtzeko asmoarekin», esan zuen Hahnek Europako Parlamentuko Atzerri Batzordeko kideen aurrean.

Batzordearen ustez zilegi da kolpe ahaleginari erantzun indartsu bat ematea, «baina azken hilabetean hartu diren neurri handi eta kolektiboek oso kezka serioa eragiten dute», milaka lagun jarri baitute giltzapean Turkian. Gainera, «geroztik errepresioak bere horretan jarraitu du eta une honetan kurduen aldekoengana eta oposizioko beste ahotsengana ere iritsi da». Eta horrek, Hahnen iritziz, «oso eragin kaltegarria du adierazpen askatasunean».

«Giza eskubideen bortxaketa serioei buruzko informazioak plazaratu dira. Ankarak benetan zer nahi duen argitzeko garaia da. Horren araberakoa izango da bere sinesgarritasuna. Baita Batasunarena ere», erantsi zuen.

Recep Tayyip Erdoganek modu mehatxatzailean erantzun zion: Europar Batasunak ikusiko duela zer egiten duen, eta bere erabakiaren ondorioak onartu egin beharko dituela. «Bide horretan sartzen badira, horren emaitzekin bizi beharko dute», adierazi zuen Ibrahim Kalin Erdoganen eledunak.

Turkiako Parlamentuan hirugarren indarra den HDP Herrien Alderdi Demokratikoak Turkiako Gobernuaren aurkako isunak ezartzeko eskatu dio Europar Batasunari, hamar diputatu eta bi presidenteak espetxean sartu dituztela gogorarazi ondoren: «Turkia Europar Batasunean sartzeko prozesua etetearen aurkakoak izan gara beti, baina hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia iritsia da», esan zuen Hisyar Ozsoy presidenteordeak: «Europak orain hartu behar du erabakia, hemendik hilabete batzuetara bere ondoan diktadura sendo bat eduki nahi ez badu».