NAIZ
DONOSTIA

Donostia «demokrazia zuzen modernoaren eredu» ez dela salatu dute

Gaur hasi eta larunbata arte, Demokrazia Zuzen Modernoari buruzko Munduko Foroa egiten ari dira Donostian, nazioarteko aditu ugari bertan dela. Baina saioak abiatu aurretik polemika piztu da ekimenaren inguruan, hainbat taldek (Metroaren aurkakoa eta erraustegiaren kontrakoa besteak beste) agerian utzi dutelako egungo Udalaren jarrera ez dela batere eredugarria. Zenbait partehartzaile beraiekin solasean aritu dira, kalean eginiko protestan.

Hainbat taldek protesta egin dute foroaren aurretik. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Hainbat taldek protesta egin dute foroaren aurretik. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

Udaletxeko ekitaldi ofizialera heltzen ari zen aditu eta partehartzaile ugari, besteak beste, metroaren aurkakoa eta erraustegiaren kontrako aldarrikapenak ezagutzera hurbildu dira, eta protestan ari zirenek ingeleraz, frantsesez edota alemanieraz azaldu diete Donostian demokrazia zuzena garatzeko dauden «oztopo eta gabeziak». Harridura aurpegia erakutsi du Foro honetara bertaratutako batek baino gehiagok.

Miramar jauregiak hartuko ditu adituak, demokrazia zuzenaren inguruko esperientziak eta hausnarketak trukatzeko. Donostia 2016 ekimenaren barruan txertatzen da foro hau, eta egun hauetan Europako kultur hiriburua izateaz gain Donostia «demokraziaren munduko hiriburua» bilakatuko dela dio egitarauak.

Donostiako eta Euskal Herri mailako hainbat taldek elkarretaratzea egin dute Donostiako udaletxearen aurrean, foro honen irekiera saioa hasi aurretik. Bertan ziren EH Bildu, Ahal Dugu eta Irabazi udal taldeko ordezkariak, Satorralaia mugimendukoak, erraustegiaren aurkako lagunak. Eleak-Libre ekimena, LAB sindikatua edota Donostiako Kaleratzeak Stop plataformakoak.