NAIZ
IRUÑEA

Ahotsa.info «kriminalizatzeko saiakera» salatu du Iruñeko Udalak

Iruñeko Udalak «hainbat hedabideek» Ahotsa.info «kriminalizatzeko» egin dute saiakera arbuiatu du. Era berean, adierazpen askatasuna eta publizitatean autonomia izatea defendatu du. UPNk beste deklarazio bat aurkeztu du, Ahotsari publizitatea kentzea eskatuz, baina puntu hau ez da aurrera atera.

Ahotsako lau kide, kriminalizazio kanpaina salatuz. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Ahotsako lau kide, kriminalizazio kanpaina salatuz. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Iruñeko Udalak Ahotsa.info ren kontrako «kriminalizazio saiakera» salatzen duen deklarazioa onartu du. «Hainbat hedabidek eta estrategia hau bultzatze aldera informazio hauek hornitzen dituztenek» nafar hedabidearen kontra eta, bide batez, Iruñeko Udalaren kontra eta nafar Gobernuaren kontra egitea arbuiatu dute.

Adierazpen askatasunaren defentsa irmoa onartu dute EH Bilduren Udal Taldeak aurkeztutako testuan. «Eskubide honek ez du bakarrik informatzailea babestu behar, baizik eta nork informatua izan nahi duen erabakitzen duen pertsona hori ere», gehitzen du adierazpenak.

Era berean, «autonomia» aldarrikatu dute publizitatearen estrategia «planifikatu, definitu eta onartzerakoan».

UPNk Ahotsa.infon jarritako publizitatea kentzeko eskatu du

UPNk beste adierazpen bat aurkeztu du. Bertan, lehen puntuak Ahotsa.infon jarritako publizitatea kentzea eskatzen zuen, baina ez da aurrera atera. «Ez da hedabide bat, ez ditu bere betebehar legalak betetzen eta bere helburua ez da informatzea, baizik eta gorroto kanpainak zabaltzea», zioen testuak.

Adierazpenaren beste bi puntuak, aldiz, onartuak izan dira. «Bidezko kudeaketa» eskatu dute eta sei hilabetero kontratatutako publizitate kopurua eta non jarri den informatzeko beharra adostu dute.