Jon ORMAZABAL
Entrevista
OINATZ BENGOETXEA
ASEGARCEKO PILOTARIA

Oinatz Bengoetxea: «Txapela jokoan egoteak ez dit dagoeneko logalerik kentzen»

Tontor garaiak igotzearena momentuz baztertuta daukan arren, Pirinioetan lortu du Leitzarrak finalaren zurrunbiloaren ihesbidea. Uda gogor baten ostean, Oinatz Bengoetxeak berriz ere puntaren puntan dagoela berresteko aprobetxatu du Lau eta Erdiaren aukera hau, baina ez du aldarrikapenerako erabili nahi. Kantxan egin ohi duen bezala, ausart, aurrera baino ez du begiratu nahi aurrelariak.

Ez zen, beharbada, pilotazaleen kinieletan lehen postuetan agertzen zen aurrelaria, baina Asegarcekoak txapelketa bikaina osatu du eta falta zaion txapel bakarra eskuratzeko joko puntu bikainean iritsiko da Jokin Altunaren aurkako igandeko finalera.

Beste final bat. Nola zaude?

Ondo, oso pozik eta ilusio handiarekin. Partida berezi bat izan behar da finala, txapela jokoan, baina ez dit logalerik kentzen. Partida on bat egitera joango naiz, partida berezi honetaz gozatzera, eta ea ondo irteten den.

Finalerdian diskurtso bera zenerabilen?

Izan ere, halaxe da. Urte asko daramatzagu eta asko borrokatu dugu txapelarengatik eta orain ere horretan gabiltza, baina filosofiarekin hartzen dugu. Txapela garrantzitsua da, dudarik gabe, baina irabaztea bezain garrantzitsua da. Nik behintzat hala ikusten dut, zuk dena ematea, ongi sentitzea kantxan. Gero irabazi eta galdu batek egiten du. Badakit aukerak ditudala, irabazteko eta galtzeko.

Diskurtsoa aldatu behar izan duzu hasi zinenetik?

Bai, azkenean hainbeste txapelketa jokatu ditut... hamalau urte daramatzat profesionaletan, urrian bete nituen. Hamar urte daramatzat lehen mailako txapelketak jokatzen, 30 txapelketa jokatu ditut, eta bi irabazi ditut… beste gehienetan ez naiz finalera heldu. Hau bosgarrena izango da. Askotan galdu dut, finalerdi asko ere bai, aukera handiak izan ditut eta azkenean filosofiarekin hartzen duzu.

Irujo eta Aimarrekin egin duzu topo sarri. Aukera berriak agertzen hasi zaizkizu?

Juanen egoera apartekoa da; urte batzuk bazituen, ez dakigu zertan geratuko den eta Aimarrek aurrekoan ez zuen berea eman, baina maila ona eman du. 37 urte ditu eta pentsatzekoa da askoz gehiago ez zaiola geratuko, baina ez dago jakiterik. Eurek garai bat markatu dute, ni, beste pilotari batzuekin horien magalean izan naiz, Xala, Abel... pilotari latzak egon dira.

Zu beti egon zara beraiekin. Txapelek itsutzen gaituzte?

Bai, azkenean historiarako geratzen dena txapela nork irabazi duen da, baina nik nire txapelketa askori balio handia eman izan diet. Juan edo Aimarren kontra finalerdietan partida ona eginez galdu dut askotan eta niretzat hori ohore bat izan da, txapeldun horiei gerra ematea, eta gutxitan izan dut posible eurei irabaztea.

Aldarrikapen kutsurik badu final honetan sartzeak?

Ez, egia esan, ez. Ni udan kili-kolo izan nintzen. Ez nintzen lehen planoan egon eta, alde batetik, lau eta erdirako motibatzeko eta prestatzeko aukera izan dut. Eta horrela egin dut, motibatua etorri naiz, gauzak ondo atera dira, joko puntu onean heldu naiz eta azkenean suerte pixka bat behar izaten da eta izan dut.

Prestatzeko aukera diozu. Berezirik ezer egin duzu?

Ez, gogoa. Gogoak asko esan nahi du, baina gogoa denok izaten dugu eta finalera bi bakarrik heltzen dira, gauza asko egin behar dira ongi eta, hala ere, zaila izaten da.

Uda garaira itzuliz, niri oso arraroa egin zait Oinatz torneo gehienetatik kanpo ikustea...

Momentu horretan beste pilotari batzuk bultzatzea erabaki zuten, gazteagoei eman zieten aukera eta, alde batetik, bueno, normala ikusten dut uda garaian beste pilotari batzuk bultzatzea. Baina, esaten dizut, enpresaren erabakiak dira eta nik nirea egiten saiatu behar dut. Ni ere ez nintzen joko maila onean izan, arazoak izan nituen, hiru torneo jokatu nituen eta ez nuen maila onena ere eman. Ez diot buelta gehiago eman nahi. Orain garrantzitsuena da buelta eman diodala eta final handi batera heldu naizela eta hori niretzat latza da.

Azkena, 2015eko buruz burukoa, ezin izan zenuen jokatu. Arantza barruan daramazu?

Egia esan, ez. Hori segituan pasatu nuen. Azkenean suerte txar kontu bat izan zen, hatza hautsi nuen, eta zerbait txarra gertatzen zaizunean ezin duzu horri begira geratu, aurrera egin behar da eta segituan eman nion buelta.

Zure ibilbideko unerik gozoenean zinen?

Izan liteke. Oso une onean nintzen, Binakakoa irabazi genuen eta Buruz Burukoan ere momentu bikainean nintzen. Pena izan zen, Aimarren aurka nuen eta oso zaila izanen zen irabaztea, baina finala jokatzea handia zen. Momentuan kolpe handia izan zen, baina ez dut atzera begiratzen, ez dut-eta ezer lortzen.

Kaiolako beste finala, 2012koa, zure txarrena?

Oroitzapenik txarrena hala daukat. Ogetan bertan zen, Aimarren kontra, eta partida txarra jokatu nuen. Aparte, aurretik ere gertaera batzuk izan nituen txarrak, finala atzeratu behar izan nuen erdi pulmoniaz, gaixorik izan nintzen. Final arraroa izan zen. Gero, mendian nindoala zakur batek hozka egin zidan… gauza arraro asko gertatu ziren eta final horretan ez nintzen ondo egon, partidatik kanpo nintzen eta erraz irabazi zidan, normala denez. Espero dut oraingoan behintzat nirea ematea eta zentratua aritzea.

Jokin nola ikusi duzu?

Oso ondo. Jokin fenomeno bat da, bera bezalako pilotaririk ez dut ikusi orain arte. Artista handi bat da, pilotaria goitik behera eta dohain bat dauka, kanpotik ikusten ez dena: azken unera arte, pilota jotzen duen arte, ez dakizula nora bota behar duen, kolpea ikaragarri gordetzen du eta hori berak bakarrik egiten du. Horrek egiten du aurkaria oso deseroso egotea.

Fisikoki ere asko hobetu du.

Bai, nabaritzen zaio, eta kantxan ere bai, indarra hartu du, gizondu egin da, 18-19 urterekin gutxik izaten dutena baina urteekin hartzen dena. Partidak euste hori, erresistentzia, indar hori… ikusten zaio salto handia egin duela fisikoki eta hor ez da dagoeneko zulorik.

Urrutikoetxearengan ere ez zenuen ikusten. Partidari buelta eman eta berriz ere finalerdietan geratuko zinen beldurrik izan zenuen?

Egia esan, azken tantoak zailak izan ziren, partidaren saturazioa handia zen, oso exijentea mentalki eta fisikoki oso gogorra. Egin nuen pasa harekin bera arriskatzen hasi zen eta, behetik gora zetorrela, arrisku ikaragarria dauka. Azken bi edo hiru txapelketetan partida garrantzitsuetan buelta emanda irabazi izan du eta, suertez, ze azken tantoa suerte kontua izan zen, berak partida guztian jo zuen pilotakadarik okerrena orduan jo zuen. Suerte pixka bat ere behar da.

Hiru txapelak dituzten pilotarien klubean sartzeko moduan zara.

Hori ilusio bat da, pilotari gutxik lortu dute historian zehar eta polita izango litzateke.

Justu kaiolakoa falta, teorian zure dohainetara hobekien molda daitekeen hori?

Jende askok esan dit: ‘Beste txapelak badituzu eta kaiolakoa falta zaizu’. Denei gauza bera esaten diet: nire dohainak egokiak dira Lau eta Erdirako, ondo datorkit, baina beste askori ere bai.

Pilotaz kanpo, eguna zertan ematen duzu?

Lasai egoten naiz, familiarekin asko egoten naiz, mutiko txikia ere badugu eta gero beste zenbait eginbehar ere baditut.

Mendirako pasio horri eusten diozu?

Pirinioetara-eta joaten naiz, asteburu honetan han izan gara, baina familiarekin lasai egotera. Orkatilako lesioa izan nuenetik, tontor garaiak egitearena aparkatuta dago, pilota uzten dudanerako geratu da.