NAIZ
GASTEIZ

Falta zitzaion txapela bereganatu du Bengoetxeak

32 urterekin falta zitzaion txapel bakarra, Lau t'erdikoa bereganatu du Oinatz Bengoetxeak final izugarri baten ostean. Ondo hasi da (7-2), partida erdi aldera okertu zaio (9-12) eta hortik aurrera baten eta bestearen alde oso lehiatua izan da finala. Azkenean, 22-21 eta txapela Nafarroara.

Bengoetxea, txapeldun. (Juanan RUIZ | ARGAZKI PRESS)
Bengoetxea, txapeldun. (Juanan RUIZ | ARGAZKI PRESS)

Itxaron egin beharko du Lau t'erdiko txapelik gazteena jantzi nahi zuen Altunak, apustuak kontra zituen baina partida erdi aldera hankaz gora jarri ditu apustuak, partida maldan gora jarri arren gogoz erantzun baitu partida erdi aldera iritsi denean.

Oinatz Bengoetxeak, ordea, indartsu ekin dio partidari, 4-0ekoa ere jarri du markagailuan, 7-2koa gero. Orduan etorri da amezketarraren susperraldia eta atsedenera 9-12 iritsi da urdin. Bengoetxeak, ordea, kaiolan batetik bestera azkar jokatuz partida berriz ere bere aldera eraman du eta atsedenaldiaren ostean berriz ere gorri jarri da markagailua (17-12).

Altuna ez zegoen etsitzeko, ordea, eta 15era gerturatu zaio, 18. egin du Bengoetxeak ondoren eta hor Altunak nauerria hartu eta txapelera izugarri gerturatu da, 18-20. 

Lehia etengabea izan dute biek eta parekotasunak bazekarren susmoa, 21ean berdinduta izango zirena, eta hala izan da. Azken tantoa leitzarraren alde eta puntako pilotarien taldean sartu da Lau t'erdikoa lortuta hiru neurri ofizialetan txapela baitu Bengoetxeak. 

Kaiolan estu jardun dute biek, aurreikusita bezala partida bizia izan da, Lau t'erdikoak berak ematen duen aukeraz gain bi pilotari hauen doai eta jokamoldeak marraztu dutena. Arrapaladan tarteka, elkarri traba eginez behin baino gehiagotan, 2016ko Lau t'erdiko txapelak Leitzan pasako du gaua.