NAIZ

Adostasunik ez elkargo bakarraren batzorde exekutiboaren osaketan

Elkargo bakarraren batzorde exekutiboa osatzeko lanetan ari dira, baina desadostasunak sortu dira. Elkargoaren aldekoek 25 kidez osatzea proposatzen duten bitartean, horietako hiru zuzenean presidenteak berak hautatuta, kontrakoek 22ra murriztu nahi dute hiru hauek «desoreka demografikoa» sortuko luketela argudiatuta. Astebeteko epea eman dute akordiora heltzeko.

Jean-Rene Etchegaray, aurreko agerraldi batean ©Isabelle Miquelestorena
Jean-Rene Etchegaray, aurreko agerraldi batean ©Isabelle Miquelestorena

Elkargo bakarraren batzorde exekutiboaren osaketak desadostasunak piztu ditu. Kazetak argitaratu duenez, instituzio berriaren kontra daudenek gidaritza batzordeak egindako proposamena atzera bota dute.

Hasiera batean batzorde eragilea 20 kidez osatua egonen zela esan bazuten ere, batzarrean, Jean-René Etchegaray Gidaritza batzordeko lehendakariak 25 izatea proposatu zuen. Horietako hiru, presidenteak berak hautatuak. Hiru kide horiei esker desoreka batzuk konponduko litezkeela argudiatu du.

Elkargo bakarraren kontrakoak proposamen honen aurka agertu dira. Hiru pertsona hauek «desoreka demografikoa» sortuko luketela iritzita, 22 kide izatea proposatu dute.

Honen aurrean, Etchegarayk astebeteko epea ezarri du akordio batera heltzeko. Hilaren 6an bilduko dira.