NAIZ
BAIONA

Tona bat kokaina eta ehunka mila euro atzeman ditu Poliziak Baionan

Baionako Saint-Frederic industrialdeko hangar batean eginiko operazio batean tona bat kokaina eta ehunka mila euro konfiskatu ditu Poliziak. Hamar bat lagun atxilotu dituzte auzi honi lotuta.

France 3ren iturriak aipatuta Mediabaskek jakinarazi duenez, Polizia frantsesak tona bat kokaina eta ehunka mila euro atzeman ditu Saint-Frederic industrialdean.

Estupefazienteen Legez Kanpoko Trafikoaren Aurkako Bulego Zentralak (OCRTIS) eta arloko Bordeleko auzitegi bereziak (JIRS) egindako ikerketaren ondotik eman da operazioa.

Konfiskatutako droga Kolonbiatik ekarria zela eta Europan barrena zabaltzeko asmoa zutela jakinarazi dute. Merkatuan milioi bat euroko salneurria har zezakeela zehaztu dute.

600.000 euro inguru ere atzeman dituzte.

Auzi honen harira hamar atxiloketa inguru egin ditu Poliziak, horietako batzuk Baionan eta Biarritzen.