Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Baionako elizbarrutiko 60 apaizek Aillet apezpikuaren jokamoldea kritikatu dute

Elizako aginte gorenei bideratu diete beren kexua, Baionako elizbarrutiko gotzainaren jokamolde «autoritario» eta «baztertzaileekin» desadostasuna agertuz. Bordeleko artzapezpikuak delegazio bat hartuko du.

Marc Aillet gotzaina berriro ere zeresana ematen ari da. Oraingoan 2008tik gidatzen duen Baiona, Pau eta Leskarreko elizbarrutiko elizgizonen aldetik dator berria. Izan ere, “Sud Ouest” egunkariak jakinarazi duenez, bertako 198 apaizetatik, 60k (erdiak Ipar Euskal Herrikoak eta gainerakoak Bearnokoak) beren kexua helarazi zioten maiatzaren 15ean Frantziako Apezpikuen Konferentziako buru Georges Pontierri, Jean-Pierre Ricard Bordeleko artzapezpikuari eta Frantziako nuntzio apostolikoari. Ailletek Baionako elizbarrutia kudeatzean duen agintekeriarekin eta jokamolde baztertzaileekin erabateko desadostasuna azaldu zuten. Zortzi orriko idatzia sinatzera ausartu ez diren beste 30 apaiz ere badaudela ziurtatu dute.

Barne giroa gaiztotua

Bere kargua hartu zuenetik gutxira hasi ziren desadostasunak. Ailletek aldaketa handiak egin zituen barne antolaketan eta bere ildo tradizionalistarekin bat zetozen apaizak jarri zituen zenbait parrokia eta kargutan. Barne giroa gaiztotzen joan da geroztik eta gotzainak publikoki izan dituen hainbat jarrera hartze polemikok egonezina areagotu egin dute. Esaterako, homosexualen ezkontzaren kontra izan zuen jarrera aktiboak, abortuaren inguruan egindako adierazpenak edota eskuin muturretik gertu dauden kongregazio eta elkarteekin duen harremana ez dituzte begi onez ikusten. Are, diru-kontu mailan daraman kudeaketari ere desegokia deritzote. Horregatik, ez direla «eliza berean bizi» diote.

Kexuaren ondotik, irailaren 23an, Ailletekin bilera bat izan zuten, baina han esandakoaz ez da deus jakin. Orain Bordeleko artzapezpikuak apaiza kritikoen delegazio bat errezibituko du.