NAIZ
DONOSTIA

EH Bilduk gobernatzen dituen 40 udaletan normaltasunez lan egiteko aukera izan da

Koalizio abertzalearentzat astearte hau ez da jaieguna izan eta egoitzak irekitzeaz gain, gobernatzen dituen 40 udaletan ere normaltasunez lan egiteko aukera eman du. Pello Urizar eledunak azpimarratu du subiranotasuna euskal herritarren borondatean dagoela eta gaineratu du beraiei bakarrik dagokiela erabakitzea.

Pello Urizar, artxiboko irudi batean. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Pello Urizar, artxiboko irudi batean. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

EH Bilduren izenean, Pello Urizarrek nabarmendu du Konstituzio espainiarraren egunak «Euskal Herriarekiko Estatuak mantentzen duen inposizio eta ukazio markoaren eta politikaren aurrean kokatzen gaituela berriro».

Adierazi duenez, egoera honek Euskal Herriaren «etorkizuna baldintzatzen duela, ezin baita ezer eraiki Madrilek inposizioaren eta ukazioaren estrategian mantentzen den bitartean». «Ukazioa, ez delako onartzen herri honek bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea eta borondatea, eta Estatuak ez duelako aitortzen herri hau subjektu politiko bezala».

Gainaratu du «ukazioak berak Estatuaren menpe jarraitzera kondenatzen gaituela, gureak ez diren legeak eta politikak onartzera behartuz».

Zentzu horretan, «gurea ez den ospakizun baten aurrean distantzia hartzea erabaki» du EH Bilduk, eta egoitzetan lanean aritzeaz gain, koalizioak gobernatzen dituen 40 udaletan normaltasunez lan egiteko aukera izan dela azaldu du Urizarrek.

«Keinu politiko honekin, Estatuak ematen digun aukera bakarra menpekotasun harremana dela salatu nahi dugu, baina salaketaz harago, euskal gizarteari dagokiola bere etorkizuna erabakitzea aldarrikatu nahi dugu ere», nabarmendu du. «Azken finean –adierazi du– Euskal Herriko gizon eta emakumeei dagokie bakarrik esatea zer izan nahi duten eta nola egin nahi duten».