GARA
WASHINGTON

Oliobidearen aurka, AEBetako erresistentzia indigena garaile

Etxe Zuriak erabaki du Ipar Dakotan eraiki nahi duten oliobideari ezezkoa ematea, jatorrizko herriek sakratutzat dituzten lurrak kaltetuko lituzkeelako, eta ibilbide alternatiboak bilatzeko agindu du. Azken hamarkadotan AEBetan izan den erresistentzia indigenaren mobilizaziorik handienak garaipen ikusgarria eman die herri horiei zein ekintzaileei.

AEBetako Armadako Ingeniari Kidegoak igande arratsaldean jakinarazi zuenez, makina bat kontsulta egin eta gero erabaki du oliobidearentzat ibilbide alternatiboa bilatzea dela konponbiderik egokiena. Gainera, indigenek beraiek azken hilabeteotan askotan eskatu bezala, ingurumen-inpaktuaren gaineko azterketa egiteko agindu du.

Standing Rock Sioux tribuko presidente Dave Archambault II.ak eskerrak eman zizkion Obama presidentearen, Ingeniari Kidegoaren, Justizia Sailaren eta Barne Sailaren «ausardiari, historiaren ibilbidea zuzendu eta gauzarik egokiena egiteagatik». Milaka indigenak eta makina bat ekintzailek bat egin dute azken bolada honetan oliobidearen aurkako borrokarekin eta lur federalak okupatu zituzten beren protestaldia egiteko. Armadak eremu horiek husteko agindu zuen eta Ipar Dakotako Gobernuak gauza bera egin zuen, negu gorriak oso baldintza gogorrak ezarri baititu.

Manifestariek, aldiz, bertan jarraitzea erabaki zuten eta tentsioak gora egin zuen. Gainera, segurtasun indar publiko zein pribatuek manifestarien aurkako errepresioa areagotu zutela-eta (560 atxilotu), igandean bertan herrialde osotik etorritako 2.000 beterano inguru iritsi ziren, manifestarien aldeko giza ezkutu bihurtzeko prest.

Dakota Access Oliobidea geldiarazteko, udan milaka indigenak (siouxak eta beste herrietakoak) lur federalak okupatu zituzten, makina bat ekintzaileren laguntzarekin: ekologistak, gazteak, beltzak, hispanoak... Bat egin zuten AEBetako 300en bat herri indigenek. Baita Black Lives Matter eskubide zibilen aldeko mugimenduak ere.

Garaipena izugarria da, 3.800 milioi dolarreko kostua duten lanen %90 egina baitago. Ipar Dakotako putzuetatik Illinois estatuko findegietara egunean 470.000 upel petrolio eramateko gaitasuna izango duen oliobideak sioux herriaren lurrak (1851n sinatutako itun baten arabera) zeharkatu behar ditu. Indigenek hasiera-hasieratik adierazi zuten aurkako jarrera, beraien lur sakratuak kaltetzeaz gain, eskualdeko 17 milioi herritarrek kontsumitzen duten ura ere kutsatu egingo bailuke.

Jatorrizko herriek nabarmendu dute oliobidearen aurkako borroka bat datorrela beraien erresistentzia historiarekin: «500 urte egin dituzte guri bultzaka eta nekatu gara. Beraiek gauzak hartu, hartu eta hartu egiten dute, eta nahikoa da», esan dio “The New York Times” egunkariari Lee Plenty Wolfek.