Haritz LARRAÑAGA

Bokaleko ikasle bearnesak eta euskaldunak eskola berean

Bearneraz zein euskaraz ikasi ahal izateko eskola bat eraiki nahi dute Bokalen. Seaska eta Calandreta eskutik helduta ari dira buru-belarri lanean eta proiektua forma hartzen hasi da.

Proiektu aitzindaria jarri dute martxan Bokaleko bizilagunek. Lehen aldiz, Estatu frantsesean ofizialak ez diren bi hizkuntza bilduko dituen eskola bat jarri nahi dute martxan datorren ikasturterako. Seaska eta Calandreta elkarteek bat egin dute egitasmoan eta helburua eskola berean euskaraz edo bearnesez ikasiko duten ikasleak batzea da.

Bokale (Boucau frantsesez), Euskal Herriaren ekialdean aurkitzen den 8.000 biztanleko herria da, Landetako departamenduarekin muga egiten duena. Aturri ibaiaren ondoan, Baionako eskualdean kokatzen da eta Euskal Herriko mapa historikoaren parte da. Aldiz, bertako biztanle asko ez da euskalduna sentitzen eta anitz dira gaskoiak direla diotenak. Horrela, bi sentsibilitate horiek uztartu eta elikatzeko asmotan sortu zen bearnesa eta euskara batuko zituen eskola bat egiteko ideia.

Euskaldun sentitzen direnak kopuruz gutxiago izan arren, haien haurrak euskaraz ikastera eramateko prest dauden gurasoak bearnesez ikastera bidaltzeko asmoa duten gurasoak baino gehiago dira. Herrian bertan ere, jende asko gaskoia edo okzitaniarra sentitzen den arren, euskara gehiago entzuten da gaskoia baino. Aldiz, frantses instituzioekin eta Bokaleko herriko etxeko hautetsiekin lan egiteko orduan, sentsibilitatea handiagoa da bearnesarekiko euskararekiko baino, haietako askorentzat Bokale ez baita euskalduna, gaskoia baizik.

Bokale, Okzitaniako eremuan dago, eta, zentzu horretan, eremu horri dagokion hizkuntza gaskoia da. Bearnera, gaskoiaren azpidialekto bat da eta hegoalderago aurkitzen den Bearnoko eremuari dagokio; beraz, bere eremu naturaletik apur bat aldendua aurkitzen da, baina, gaskoiarekin duen lotura estuagatik, Bokaleko Udalak begi onez ikusten du bearnesa sustatzeko egitasmoa.

Batzuek euskararen eta okzitanieraren arteko lehia ikusten duten arren, Seaska eta Calandretako kideek ez dute kontraesanik ikusten bi hizkuntzak eremu berdinean sustatzerako orduan. Alderantziz, bakoitzak bereari eutsi, baina aldi berean elkar indartzeko eta laguntzeko aukera ikusten dute. Gauzak horrela, egunero Baiona, Angelu edo Biarritzeko ikastoletara joan behar duten Bokale inguruko 30 ikasleek euskaraz gertuago ikasteko aukera izango dute etorkizunean proiektu honi esker, eta, bestalde, bearnesez ikasi nahi duten inguru bereko haurrek ere abagune berri bat izango dute.

Epe labur eta ertainera begira, lehenik bi eta lau urteko haurrentzako ama eskola irekitzea da asmoa. Luzera begirako asmoa, berriz, adin gehiagoko haurrei ere euskaraz ikasteko aukera eskaintzea.

Proiektua urriaren 5ean plazaratu zuten eta jada martxan da. Zenbait bilkura egin dira herriko etxearen, elkarteen eta gurasoen artean eta pixkanaka egitasmoa forma hartzen ari da. Bokaleko sei familiak haien haurrak euskara ikastera eramateko prestutasuna erakutsi dute eta Calandretaren aldetik oraingoz familia bakarra dago. Hortaz, egun proiektuaren berri eman eta jende gehiago biltzeko fasean daude.

2017ko ikasturterako guztia prest egon dadin lanean ari dira Seaska eta Calandretako kideak eta datozen egunetarako zenbait ekitaldi antolatu dituzte.