NAIZ
GASTEIZ

Kataluniako prozesuari babesa adierazi diote EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek

EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek babes osoa adierazi diote Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko lehendakariari, Generalitateko Gobernuari eta Katalunia osoari, espainiar Auzitegi Konstituzionalaren azken erabakien harira. Katalanek beren borondatea «libre eta demokratikoki adierazteko» eskubidea dutela nabarmendu dute.

Lander Martinez, Joseba Egibar eta Maddalen Iriartek irakurri dute Kataluniaren aldeko adierazpena. (@gara_iiriondo)
Lander Martinez, Joseba Egibar eta Maddalen Iriartek irakurri dute Kataluniaren aldeko adierazpena. (@gara_iiriondo)

Joseba Egibarrek, Maddalen Iriartek eta Lander Martinezek irakurri dute EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek plazaratu duten adierazpen bateratua.

Bertan diotenez, «Kataluniako Herriak eskubidea du bertako gehiengoaren borondatea libre eta demokratikoki adierazteko Estatu espainolarekin duen harremanari dagokionean», baina Auzitegi Konstituzionalak «berriz ere jo du eskubide hori paralizatzen saiatzeko».

Horrekin batera, gogoratu dute Carme Forcadell Parlamentuko lehendakaria Kataluniako Auzitegi Nagusian deklaratzera deitu dutela, Parlamentuaren gehiengoaren erabakia lehenesteagatik, «Auzitegi Konstituzionalaren jarrera zentsuratzailearen aurretik».

Hori guztia kontuan hartuta, hiru alderdiek «babes eta elkartasun osoa» adierazi diete Forcadelli, Generalitateko Gobernuari eta Katalunia osoari.

«Argi utzi nahi dugu Kataluniako Parlamentuak abiatutako prozesu politiko eta demokratikoa errespetatu eta aitortu beharrekoa dela, kataluniar herriaren gehiengoaren borondate demokratikoaren adierazpen gisa», azaldu dute.

EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen ustez, herriek «beren etorkizun politikoa erabakitzeko zilegitasun demokratikoa daukate, muga herritarrek demokratikoki adierazi eta erabakitzen dutena izan behar delarik».