GARA
KINSHASA

Manifestariei gerra armekin erantzun izana leporatu dio NBEk Kabilari

Kinshasan epizentroa duten mobilizazioak beste hiri askotara hedatu dira, Eliza katolikoa bitartekari lanetara itzuli denean. Gobernua eta giza eskubideen aldeko elkarteak ez datoz bat egunotan izandako hildako kopurua zehazterakoan. NBEk gerra armak manifestarien aurka erabili izana leporatu dio Kabilari.

Jose Maria Aranaz Kongoko Errepublika Demokratikoko (KED) Nazio Batuen Giza Eskubideen Bulegoko zuzendari espainolak Efe berri agentziari esan dio herrialdean egunotan bizi diren protesta bortitzak frustrazio politikoaren eta atzeraldi ekonomikoaren ondorio direla, eta Kabilak «gerra armamentua erabiliz» erantzun diela.

Aranazek emandako datuen arabera, errepresioak %400eko hazkundea izan du azken urtean. Erantsi du ia 70 milioi biztanle dituen herrialdean populazioaren %82 erabateko pobrezian bizi dela eta langabezia tasa %60tik gorakoa dela. «Bere kargua utzi nahi ez duen presidenteak eragiten duen frustrazio politikoa erantsiz gero, nahasketa leherkorra ateratzen zaigu», azaldu du.

Azken egunotako protestaldiek eta errepresioak dozenaka hildako eragin dituzte. Aranazek uste du hori gertatu dela Guardia Errepublikanoa erabili delako manifestariei aurre egiteko (hainbat herrialdetako soldaduek osatutako elitezko unitate militarra), Polizia Militarrarekin batera, eta horiek gerra armak erabili dituzte herritarren mobilizazioak zapuzteko. «Kinshasa hiriburua soldaduek hartua dute, herritarrei mespretxu osoz begiratzen dieten soldaduek hartua. Horiek ez dute arazorik izaten tiro egin eta norbait hiltzeko. Gerra deklarazioa dirudi kalean horrenbeste soldadu ikusteak. Kongoarrek okupazio indar moduan ikusten dute Guardia Errepublikanoa», esplikatu du NBEkoak.

Atzerriko potentziak

HRW Human Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundeak egin dituen kalkuluen arabera, egunotan 34 pertsona hil dira herrialdean izandako borroken eraginez, baina Gobernuak dio benetako kopurua askoz ere txikiagoa dela. Ez da harritzekoa, Jose Maria Aranazen iritziz, «Gobernuari ez baitzaio komeni hildako asko izan dela onartzea, egoera menderatzeko gauza ez dela dirudielako, eta sinesgarritasunari eutsi nahi dio, kosta ahala kosta, AEBak, Britainia Handia, Belgika, Frantzia eta Alemania bi aldeko hitzarmenekin zer egin pentsatzen hasiak direnean».

Kinshasa hiriburua bere onera itzuli ezinik dabil, herrialdeko zenbait puntutatik sarraski gehiagoren berriak iristen diren bitartean. Atzo jakin zen herrialdeko iparraldean dagoen Mongala probintziako Lisalan 17 hildako (kimbanguism izeneko sekta erlijiosoko 14 kide eta hiru polizia) izan zirela asteartean. Borroka horietan waminene sektako gurua bera ere hil egin zen. Bertako agintariek emandako bertsioaren arabera, mugimenduko 4.000 kide inguru (umeak eta emakumeak barne) bizi ziren bertan baldintza negargarrietan, eta horregatik agindu zioten Poliziari aipatu eremua husteko.

Etnien arteko borrokak

Herrialdeko ekialdean 18 hildako izan ziren Mai-Mai Mazembe nande etniako milizianoen eta hutu etniako Nyatura borrokalarien arteko borroketan.

Lubumbashi hegoaldeko hirian ere Kabilaren aurkako mobilizazio jendetsuak egin dituzte (5 hildako gutxienez), eta Gobernuak 400en bat pertsona atxilotu ditu, baina bertan gatazkak kutsu etnikoa hartu du, atzo segurtasun indarrek Matshipisha-Gbadolite auzoa okupatu eta bertan harrapatu zituzten gizon gazte guztiak eraman baitzituzten, hau da, kasai etniako populazioa, azken hamarkadotan baztertuta sentitu den multzoa. Jean-Claude Kazembe gobernadorea larri ibili zen Gobernuaren aldeko ibilaldia antolatu zuenean, herritarrak harrika hasi baitzitzaizkion.