GARA
IRUÑEA

Zoru klausulen dirua berreskuratzeko informazio bila ari dira bezeroak

EBko Justizia Auzitegiaren epaiak, banketxeek zoru klausulen bidez jasotako diru guztia bezeroei itzuli egin behar dietela dioenak, berehalako erantzuna izan du kaltetuen artean. Kontsumitzaile elkarteetara jo dute zer pauso eman behar duten jakiteko.

Europar Batasuneko auzitegiak epaia eman eta 24 ordu eskasera mugitzen hasiak ziren bankuek ezarritako zoru klausulek kaltetutako hainbat bezero. Kontsumitzaileen elkarteetara jo dute lehendabizi eta horietako batean, Nafarroako Irachen, adibidez, berrehun kontsulta baino gehiago jaso dute dagoeneko.

Dirua berreskuratzeko zer aukera duten eta zer pauso eman beharko lituzketen argitzeko izan dira galdera ohikoenak.

Iracheren aburuz, epaia zoru klausulak ordaindu dituzten kontsumitzaile guztien interesen aldekoa da, bai hemendik aurrera erreklamazioa egiteko asmoa dutenentzat eta bai jada egina dutenentzat. Uste du, gainera, banketxeekin akordio estrajudiziala adostu dutenek ere badutela aukerarik.

Kultura finantzarioa

Bankuen eta euren bezeroen arteko harremanaz ohartarazten du epaiak, Manu Ayerdi Nafarroako presidenteordearen iritziz. Gaineratu zuenez, produktu konplexuen aurrean, hiritarrek sarritan ez dakite ondo zer sinatzen duten, kultura finantzarioa ez delako hain sakona.

Horregatik ondo iruditzen zaio «botere bat egon dadila, Europa kasu honetan», ohartarazten duena, sinatzeko, «pertsonek ondo ulertu behar dutela».

Kontsumobide Lakuako institutua prest agertu zen kaltetuei aholkua eta laguntza emateko zoru klausulen dirua berreskuratu ahal izateko